Joseba Peña: «Aipatzeko bilakaera izan du eskolak; oso balorazio positiboa egingo nuke»

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 18a, 10:02
Joseba Peña arduraduna.

Hizkuntza eskolako gela desplazatuak daude Gaztanenea Formakuntza Zentroan 2016ko irailetik, eta Maxixatzenek Joseba Peña Unanuerekin (Azkoitia, 1991) hitz egin du, bertako arreta zerbitzuaren arduradunarekin, zentroak hiru urte hauetan nolako bilakaera izan duen jakiteko.

Zer zeregin eta ardura dituzu zentroan?

Zentroan hainbat zeregin ditut. Alde batetik, herritarrei informazioa eta arreta ematen diet. Bestetik, jakinik hauek Eibarko Hizkuntza Eskolako gela desplazatuak direla, erabateko kontaktuan egoten naiz Eibarko HEOko lantaldearekin, ahalik eta koordinatuen egoteko. Horrez gain, eskolaren ardura ere badaramat; guztiak ondo funtziona dezan arduratzen eta saiatzen naiz.

Eskolak zer eskaintza dauka gaur egun?

Gaur egun ditugun gela ofizialen eskaintza hiru hizkuntzatan sailkatzen da: ingelesa –B1.1, B1.2 eta B2 mailak–, frantsesa –A1 maila– eta alemana –A1 eta A2 mailak–. Eskola ofizial horiez gain, beste hainbat ekintza gehigarri ere izaten ditugu interesatuta dauden herritar guztientzat, hala nola pintxo-potea ingelesez edota beste ekintza batzuk.

Nolako harrera izaten dute eskola orduz kanpoko saio horiek?

Oro har, arrakasta izan dute. Eta arrakasta handiena izan duten ekintzekin jarraitzea erabaki dugu, jendeak ondo pasatuz ikasteko aukera ematen dutelako.

Zer-nolako bilakaera izan du eskolak hiru urtean?

Aipatzeko bilakaera izan du; oso balorazio positiboa egingo nuke. Hasieran ingelesarekin soilik hasi ginen eta hiru gela genituen. Aurten, ingelesean jada hiru maila ditugu lau gelarekin, alemanean bi maila bi gelarekin eta frantsesean maila bakarra gela bakar batekin. Gela guztietan, plaza guztiak beteak daude.

Datorren ikasturtera begira ere eskaintza zabalduko dugu. Ingelesean, horrenbesteko eskaera izaten ari den C1 edo advanced maila izango dugu; frantsesean, aurtengo mailaren jarraipeneko maila izango dugu, hau da, A2-a eta, azkenik, beste hizkuntza bat sartuko dugu: euskara. C1 maila eskainiko da, EGA agiriaren maila.

Zein da eskaera handiena duen hizkuntza eta hizkuntza maila?

Gaur egun eskaera handiena izaten duen hizkuntza ingelesa dela esango nuke, B2 eta C1 mailak hain zuzen ere. Horren arrazoi nagusia lan mundua izan daiteke, gaur egun lanpostu askotan agiri horiek eskatzen baitituzte. Bada bokazioz edo interes pertsonalagatik etortzen den jendea ere.

Zer motatako ikasleek eman ohi dute izena?

Adin, sexu eta ikasketa maila ezberdinetako jendea dugu hemen. Ikasleen profila denetarikoa da: 14 urte dituztenengandik hasi eta erretiratuetaraino.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide