'K-Baret', sentsualitatearen musikala

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 19a, 11:00
Antzezlaneko kideak. (Argazkiak: 'K-Baret')

Berriz ere agertokira igo eta lanerako prest dira Bigoterik Gabe antzerki taldeko neska-mutilak. ‘Rise & Shine’ eta ‘Shine Again’antzerki musikalen ondoren, ‘K-Baret’ ikuskizunarekin datoz oraingoan herriko neska-mutilak. Martxoaren 22an eta 23an, kabaret zahar bateko bizipenak antzeztu, abestu eta dantzatuko dituzte Baztartxo antzokian.

Rise & Shine eta Shine Again antzerki musikaletan lortutako arrakastari jarraikiz, Kari Alberdi (Azkoitia, 1996) eta Xabier Barquero (Azkoitia, 1997) zuzendariek K-Baret antzezlana estreinatuko dute martxoaren 22an, Baztartxo antzokian. «Dantzaz, argiz, istorioz eta sentsualitatez betetako ikuskizuna» dela aurreratu dute azkoitiar gazteek. 2017ko ekainean hasi ziren musikal berriaren gidoia idazten. «Gutxi gorabeherako ideia landu eta gainerako kideekin partekatu eta ekarpenak jaso ostean osatu genuen gidoia», azaldu dute Alberdi eta Barquero zuzendariek. Ordutik hona, ordea, izan dute buruhausterik, burua behin baino gehiagotan nekatu behar izan baitute istorioa ixteko. «Azpitrama bakoitza nola landu eta bukaera nola eman, horrek ekarri digu buruhauste gehien».

Ikusleek kabaret zahar bateko gorabeherak ikusiko dituzte K-Baret antzerki musikalean. Aspalditik itxita zegoen Dumont familiaren kabaret zahar bat alokatuko dute Rosek eta Juliettek. Lokal horretan hainbat artista biziko dira, eta bezeroen egonaldia arintzen arituko dira. Artista bakoitza istorio propioarekin etorriko da, denak teilatu beraren azpian elkartuta. Bertako tirabiren testigu izango dira ikusleak, Cedric Flamcourtek gidatuta.

 

«Dantzaz, argiz, istorioz eta sentsualitatez betetako ikuskizuna da 'K-Baret'»

 

Esperientziak irakatsitakoarekin eta «hobetu beharrekoak hobetuta», zuzendariek aitortu dute obra berriak ez duela zerikusirik Rise & Shine eta Shine Again antzerki musikalekin: «Guztiz ezberdina da. Hasteko, istorioak ez du zerikusirik. Kantua, dantza eta gidoia landuago daude. Publiko helduagoarentzat dago eginda, aktualitateko hainbat gai jorratzen baitira».

Obra bereizgarria dute buruan. «Alde guztien baturak bilakatzen du K-Baret ikuskizuna bereizgarri», diote Alberdik eta Barquerok. «Lan handia eskatu digu, baina alde bakoitzaren xehetasun guztiak landu ditugu. Publikoko kide bakoitza gauza desberdinez ohartuko da emanaldi bakoitzean», azaldu dute. Horrez gain, ordea, K-Baret lana publikoaren hausnarketarako bide izatea nahi dute. «Emanaldi osteko elkarrizketak sustatu nahi ditugu. Publikoa emanalditik irteten denean euren artean zergatiak eztabaidatzea, iritzia ematea eta sentimenduak partekatzea nahi dugu». Halaber, ikuslea «emozionatzea» eta «ikuskizunarekin gozatzea» nahi dute.

Oinarria, elkarlana

Guztira 30 lagun inguru daude murgilduta azken proiektuan. «Agertoki gainean 23 pertsona arituko dira; atzean, berriz, beste zazpi lagun inguruk jardungo dute», jakinarazi dute taldeko kideek. Lanaren atzean, baina, helburu bat eta bakarra dute hasieratik: antzerkirako zaletasuna bultzatzea. «Antzerki mundua ezezaguna da askorentzat, are gehiago Azkoitia bezalako herri batean», diote antzerki taldeko lagunek. Baikorrak izateko arrazoiak badituzte, ordea: «Gero eta jende gehiago joaten da antzerkira, eta antzerki eskolan ere gero eta ume gehiago dago izena emanda». Halere, ez dute erosotasunean erori nahi; antzerkia egonkortu nahi dute. «Oraindik bide luzea dugu aurretik; norbanakoen nahiz erakundeen esfortzua ezinbestekoa da», gehitu dute.

 

«Emanaldi osteko elkarrizketak sustatu nahi ditugu ikus-entzuleen artean»

 

Abestien grabazioaren arduraduna, jantzien arduraduna eta materialaren arduraduna dituzte, baita koreografiaz, argiaz, soinuaz, eszenak lantzeaz eta makillajeaz arduratzen diren lagunak ere. Taldeko lanaren erakusgarri da K-Baret obran egin duten banaketa. «Azpitalde ugari ditugu, eta elkarlana asko sustatzen dugu», adierazi dute taldekideek. «Azpitaldeek euren kasa landu eta elkarri erakutsi ostean hartzen ditugu erabakiak». Elkarlanak bizitzako edozein arlotan erabiltzeko moduko esaldia erakutsi die partaide guztiei: «Bakoitzak dakiena gainerakoei erakutsi eta elkarrengandik ikasi».

Dantza, argia eta sentsualitatea mugarri izango ditu istorioak. Detailez detaile prestatu dute, guztia ondo zainduz; sortze prozesu propioa izan du lanak. Horrek ekarri du estreinaldiaren atzerapena: «Estreinaldia, hasiera batean, aurreko urteko neguan izatea espero genuen, baina atzeratzen joan gara guztia prest izan arte».

Antzerki musikalak arrakastaren bide dira egun. «Milaka inspirazio iturri» izan dituzte, baina taldean erreferenterik ez dutela aitortu dute. «Edozein lekutan aurki dezakegu dantza, jantzi edo pertsonaia baterako ideia», diote Alberdik eta Barquerok. Hala eta guztiz ere, arrakasta «erlatiboa» dela baieztatu dute. «Guretzat arrakasta da buruan genuen ideia nagusiarekin eta planteatu diren helburu desberdinekin horrelako lan bat ateratzea». Horrez gain, arrakastatzat hartu dute erakutsiko den lanarekin oholtzara «gustura» igotzea. «Asetze pertsonalaren aldetik ikusita, arrakasta guztiz gainditu da», nabarmendu dute neska-mutilek. Arrakastaren bigarren giltza agertokiaren aurrean besaulkietan esertzen direnek dutela uste dute: «Rise & Shine eta Shine Again obrekin lortutako asistentzia paregabea izan zen; ez genuen sekula esperoko. Hori berdinduko bagenu, berriro ere ametsetan ariko ginateke». Halere, garbi utzi dute oholtza gaineko eta beheko lana «berdin-berdina» izango dela bost edo 500 ikusle izan. «Laneko atal guztiak eraikitzean, kontuan izan dugu publikoari sentsazioak piztea; arrakastaren gailurra joko dugu bi orduan publikoaren barrena astintzen badugu».

Azken prestaketa lanak

Martxoaren 22an eta 23an estreinatuko dute K-Baret obra. Bi egunak aspalditik dituzte gorriz markatuak antzezlaneko lagunek. «Prestaketa lanekin hasi ginenetik amestu dugu estreinaldiarekin. Aspalditik gaude egun horren zain», adierazi dute. Azken txanpan, «azken esprintean» dira, beraz, Bigoterik Gabe taldeko neska-mutilak. Entseguetan buru-belarri ari dira, Baztartxon: lehen, astean behin entseatzen zuten, eta orain, berriz, hiru entsegu edo gehiago ere egiten dituzte. «Etxean baino denbora gehiago pasatzen dugu Baztartxon», diote. «Hasieran larunbat goizetan bakarrik entseatzen genuen, baina, denborak aurrera egin ahala, larunbat arratsaldeak, igande goizak eta aste barruko egunak aprobetxatu ditugu».

 

«Arrakastaren gailurra joko dugu bi orduan publikoaren barrena astintzen badugu»

 

Baztartxon entseatzeak «dena eskura» izatea ahalbidetzen die, eta alde horretatik «gustura» daudela onartu dute. Antzokiko gela batean egiten dituzte entseguak. «Ispilua dagoen gela bat erabiltzen dugu koreografiak eta abar asmatzeko eta erakusteko», esan dute Alberdik eta Barquerok. «Ordu asko ari gara sartzen, baina ziur gaude esfortzuak mereziko duela». Halere, gaineratu dute une gogorrak beti daudela eta aurre egiten jakitea garrantzitsua izan dela.

Nahiz eta lehen lana oraindik estreinatu ez, ez diete aterik ixten bigarren zatia egiteari: «Egin, egin daiteke. Pentsatzen jartzea da dena». Herrian hasiko dute proiektu berriaren ibilbidea, martxoaren 22an, baina herritik kanpora ere eraman nahi dute ikuskizuna. «Ahal ditugun antzoki gehienak bisitatu nahi ditugu lan berriarekin. Ahaleginak egingo ditugu horretarako, baina guztia ez dago gure esku». Azken prestaketa lanetan dira neska-mutilak, eta baietsi dute «polita» izaten dela urduritasuna nabaritzea. Argia, kamera, akzioa! Has dadila obra!

Martxoko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide