Urola Erdiko Mankomunitateko gaikako bilketa datuak, «onak»

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 14a, 15:12
Mankomunitateko ordezkariak. (Argazkia: Urola Erdiko Mankomunitatea).

Urola Erdiko Mankomunitateak Azpeitiko Azoka Plazako erakinean du egoitza, eta gaur goizean prentsaurrekoa eman du 2018ko hondakinen bilketa datuen berri emateko. Mankomunitatearen helburua da hondakinak «gaika ahalik eta hobekien sailkatuta biltzea», hau da, «gaika hondakinen %70 biltzea». Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak azaldu du gaikako bilketa datuak «onak» izan direla 2018an.

Mankomunitatea 2014an hasi zen hondakinak gaika biltzeko sistema egokiak ezartzen, udalerri bakoitzak onartutakoa eta elkarlanean, betiere. Horrela, herritarren hondakinak gaika biltzeko sistema ezartzen amaitu genuen 2018ko martxoan; baita merkataritza eta ostalaritzako hondakinen bilketa ere. Azkenik, uztailean ezarri zen Mankomunitate osoan industria-guneetako hondakinak biltzeko sistema.

Bestalde nabarmentzekoa izan da Azkoitiko eta Azpeitiko garbiguneetan izan den zerbitzua eta erabilera, «hobetu» egin baita. Bestalde, finkatu egin da bolumen handiko hondakinak etxeetan biltzeko zerbitzua: «kaleko edukiontzi puntutan uztea kendu eta etxeetan bertan biltzen ditugu, berrerabilera handituz».

Ondorioz, Urola Erdiko Mankomunitateko gaikako bilketa datuak «onak» dira mankomunitatearen ustez. Hauek dira datuak, zehazki:

Zabortegira isuritako hondakin kopurua murriztu da, 2018an 137 kg isuri dira nahasian biztanleko, iaz baino 44 kg gutxiago biztanleko. Gaika, aldiz, bildu dira 270 kg biztanleko, iaz baino 40 kg gehiago.

 

Mankomunitateak eskerrak eman dizkie herritarrei egiten ari diren lanagatik: «parte-hartzea eta herritarren jarrera ezin hobea baita». Bestalde, zaborren kudeaketan inguruan edozein zalantza edo iradokizun izanez gero jakinarazi telefono eta e-posta helbide honetara: 943857319 eta ueue@urolaerdia.eus.

Datu gehiago loturan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide