Nerea Aranbarri: «Iruñeko kulturari eta sanferminei eskaini nahi diegu eraikina»

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 14a, 13:05
Nerea Aranbarri arkitektoa.

Iruñean dagoen Erorien Monumentuari zer erabilera eman erabakitzeko ideia lehiaketaren finalera sailkatu da Nerea Aranbarri azkoitiarrak taldean aurkeztu duen ‘Pausoz pauso’ proiektua. Irakurri Urola Kostako Hitzak egindako elkarrizketa:

Iruñeko Erorien Monumentuaren eta haren ingurunearen etorkizunaz erabakitzeko ideia lehiaketa zabalik du Iruñeko Udalak. Joan zen hilean bigarren fasean sartu zen lehiaketa, eta udalak zazpi proiektu aukeratu zituen mausoleroarekin zer egin erabakitzeko. Horien artean dago Nerea Aranbarri (Azkoitia, 1986) arkitektoaren proiektua. Borja Gorostiaga eta Aitor Acilurekin batera aurkeztu du azkoitiarrak proiektua.

Zer da Pausoz Pauso proiektuaren funtsa?

Aurrean dugun errealitatea oso konplexua da. Politikoki, historikoki zein urbanistikoki oso puntu estrategikoan dago Erorien Monumentua, eta guneak dituen esanahiak kontuan hartuta, guretzat oso zaila da arkitektura aldetik soilik erantzutea horri guztiari. Horregatik, luzera begirako prozesu bat bezala proposatu dugu proiektua. Egitasmoa batez ere pertsonetan oinarritutakoa izan dadin nahi dugu. Artitektuok bitartekari izanda, arkitektura baliabide bat bezala erabiltzea proposatzen dugu. Finean, gugandik haratago dagoen prozesu bat izango da.

Erorien Monumentuarekin zer egitea proposatzen duzue?

Proiektuak hiru maila ditu, eta lehenengoa hiriari berari dagokio. Puntu estrategikoan dago Erorien Monumentua, Iruñea berriaren eta zaharraren erdian geratu baita. Artikulazio puntu hori berriz diseinatu beharra dago, eta horregatik, monumentuaren bi aldeetan galeria bana irekitzea proposatu dugu.

Bigarren mailan dago eraikina eta haren testuingurua. Eraikinak bi plaza ditu ondoan: Askatasun plaza eta Serapio Esparza plaza. Guk proposatzen duguna da espazio horiek berritzea eta herritarrei itzultzea. Bi plaza horiek eraikinaren menpe eta eraikina bera indartzeko diseinatuta daude, eta oztopo ugari daude han: eskailera pila bat eta hainbat maila daude eta lurretik altxatuta dagoen iturri bat ere badago. Beraz, oinez ibiltzeko zaila da gunea, eta pertsona guztientzako irisgarritasuna bermatu nahi dugu guk. Horrez gain, hango erabilera erraztu nahi diegu herritarrei: eraikina eta hango espazioa ez ezik, inguruko eraikinetako saltokiak edota han egiten diren ekintzak indartu nahi ditugu proiektuaren bidez, bizi berri bat eduki dezan auzoak berak.

Eraikina Nafarroako kulturari eta sanferminei eskaintzea da zuen asmoa.

Hirugarren mailan jaso dugu eraikinak zer erabilera izango lukeen. Iruñeko zein Nafarroako kulturari eta San Fermin jaiei eskaini nahi diegu eraikina. Eraikinak daukan monumentaltasuna aprobetxatu nahi dugu erraldoiak eta buruhandiak ikusgai jartzeko, eta herritarrentzako zein bisitarientzako topagune bilakatu nahi dugu eraikina; izan ere, badu interes komun bat gune horrek: hango bi arkuak itxi eta erakustoki gisa erabiliko ditugu, plazatik bertatik ikusteko barruan dagoen egitaraua. Eraikin nagusiari, gainera, beste eraikin txiki bat erantsiko diogu, tailerrak, sorkuntza kulturalak zein artistikoak bultzatzeko.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide