'Nire, zure, gure Verdini: 25 urte' dantza ikuskizuna izango da igandean, Baztartxon

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 13a, 11:38
Jesus Murua, Isabel Verdini, Sonia Vazquez, Olatz Miranda eta Iraitz OtaƱo.

'Nire, zure, gure Verdini: 25 urte' dantza ikuskizuna datorren igandean, martxoak 17, izango da Baztartxon, 12:30ean hasita. Proiektu solidarioa izango da, eta sarrerekin lortutako dirua bailarako Atzegi elkarteko Txolarte aisialdi taldearentzat izango da.

Gaur goizean aurkeztu dute dantza ikuskizuna udaletxean Isabel Verdini dantza ikuskizunaren sortzaile eta zuzendariak, Olatz Miranda Atzegi elkarteko boluntariotzaren arduradunak, Sonia Vazquez Kultura zinegotziak, Jesus Murua Verdiniko lehendakariak eta Iraitz Otaño bailarako Txolarteko arduradunak.

Isabel Verdini dantza ikuskizunaren sortzaile eta zuzendaria dantza eta antzerkia ikasten ari zela Bartzelonan, bere iloba jaio zen Downen sindromearekin. Orduan, dantzaren eta dibertsitate funtzionalaren inguruan ikertzen hasi zen. «Ahizpari promesa egin nion iloba ni bezala dantzaria izango zela. Eta ordutik 25 urte hauetan lanean aritu gara ilusio eta tristura askorekin. Asko borrokatu behar izan dugu dibertsitate funtzionala kultura barruan txertatzeko. Baina 25 urteren ondoren lortu dugu: Verdini Dantza Taldeak agertoki garrantzitsuenetan parte hartzea eta gure dantzariak dantzari gisa aintzat hartzea», azaldu du Verdinik.

Hamar emanaldi inguru egin dituzte guztira 25 urtean, eta igandeko ikuskizunean horietako hainbat zati erakutsiko dituzte, «profesionaltasun askorekin landuta».

Jesus Murua Verdini elkarteko lehendakariak hainbat aitortza jaso dituela gaineratu du, baina garrantzitsuena adimen urritasuna duten pertsonek nolako gaitasunak dituzten jendeak ikustea dela esan du: «Dantzariek zer transmititzen duten sentitzea eta kulturaren bitartez inklusioa lortu dezakegula ikusaraztea nahi dugu. Ezgaitasuna daukate, baina pertsonak dira gizarte honetan. Ilusioz etorriko gara. Duela urtebete aurkeztu genuen ikuskizun hau eta oso kritika onak jaso ditugu. Dantza, ezgaitasuna eta kultura dena bat dela esatera gatoz».

Olatz Miranda Atzegi elkarteko boluntariotzaren arduraduna da. Atzegin adimen urritasuna duten pertsonen eskubideak berdinak izan daitezen eta euren bizi kalitatea ahalik eta hoberena izaten ahalegintzen dira, dituzten gaitasunak azpimarratuz. «Aisialdia eta parte-hartzeari garrantzia ematen saiatzen dira, ondo pasatzeaz gain, lagunekin egon, herriko beste pertsonekin harremanetan jarri… hori oso garrantzitsua da guztiontzat. Horretan saiatzen gara Txolarten», azpimarratu du Mirandak.

Ekintza guztiak pertsona boluntarioei esker egiten dituztela azpimarratu du. Gipuzkoan 300 lagun daude, asko gazteak, eta «konpromiso handia» dute taldearekin. Boluntario baten eta adimen urritasuna duen pertsona baten artean oso harreman berezia eta naturala sortzen dela gaineratu du. «Kuadrillatxo bat sortzen dute». Bestalde, gizarte mailan jende boluntarioa egoteak onura asko ekartzen dio gizarteari nabarmendu du.

Iraitz Otaño azkoitiar gaztea da Txolarteko boluntarioetako bat. Aisialdi taldeko koordinatzailea da egun, eta aurten sei urte beteko ditu taldean sartu zenetik. «Aisialdirako eskubidea bermatu nahi diegu adimen urritasuna duten pertsonei. Urte askoan marjinatuta egon direlako», azaldu du Otañok. «Plazak hartu eta hemen gaudela esan nahi izaten dugu. Astebururo elkartzen gara Txolarten, eta ikuskizun honetan lortutako diru ekarpenari esker irteerarekin bat egin nahiko genuke», gaineratu du.

Baztartxoko leihatila 11:30ean irekiko dute datorren igandean, eta sarrerak lau euro kostako dira. Biltzen den dirua Txolarte elkartearentzat izango da. Bestalde, aparkalekuak jarriko ditu Udalak Oteiza Frontoietan.

'Nire, zure, gure Verdini: 25 urte'

Desgaitua, desgaitasuna duena, beharrizan bereziak dituena, bestelako gaitasunak dituena edo bestelakotasun funtzionala duena: horiek dira azken hogeita bost urteotan erabili izan diren terminoak desgaitasunaren fenomenoaz aritzean. Inurritxo batek bezala, Verdini Dantza Taldeak ikuskizun asko sortu ditu, eta elkarlanak, jarduerak, emankizunak eta ekitaldiak egin ditu mende laurden batean, kolektibo hori balioesteko eta aurreiritziak deuseztatzeko eta alaitasuna gizartearekin partekatzeko asmoz. Nire, zure, gure Verdini: 25 urte Isabel Verdini koreografoaren eta konpainiako dantzarien arteko elkarrizketa etengabetik sortua da. Hala, dantzariek hautatu dituzte dantzan gozabide handiena eman dieten zatiak, eta, ondorioz, Nahi nuena (2002), Ilunpetik (2006), Argira (2007), Zu zeu (2013), Gaitasunen iraultza (2016) lanetako eta zenbait lantegitako koreografiak eta musikak berreskuratu dira.

Nire, zure, gure Verdini: 25 urte ikuskizunak biak batu nahi ditu: ospakizunaren jai-giroko espiritua, batetik, eta proiektu honek Aurrera jarrai dezan lagundu duten guztiei egindako omenaldia, bestetik.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide