Ene Kantak-en 'Satorjator' umeentzako ikuskizunak Azkoitian egingo du geldialdia

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 13a, 10:46

Ene Kantak Azkoitian izango da apirilaren 13an, zapatua, 'Satorjator' lana aurkezteko. 17:00etan izango da emanaldia, eta sarrerak apirilaren 1etik 5era jarriko dituzte saltzen, Gazte Zerbitzuan.

'Satorjator' azken diskoaren aurkezpena egingo du Ene Kantak-ek, apirilaren 13an, Azkoitian. 17:00etan hasiko da umeentzako ikuskizuna, Baztartxo Antzokian, eta emanaldirako sarrerak erosteko aukera apirilaren 1etik 5era izango da, Gazte Zerbitzuan, 16:30etik 20:00etara.

Ene Kantak proiektua Nerea Urbizu eta Urko Oskoz irakasleek jarri zuten martxan, 2011. urtean. Disko bat soilik sortzea zuten hasieran helburu, baina urte baten buruan bigarrena egin zuten eta 2018an zazpigarren lana aurkeztu zuten: 'Satorjator'. Haurrentzako euskarazko abesti berriak eta freskoak sortzen dituzte, eta beste batzuetan, hainbat lurraldeetako herrikoiak direnak moldatu. Ene Kantak-ek beti xede bat izan du argi: euskara jorratzen zein lantzen duen elkarteren bati diruz laguntzea.

Azkoitiko 'Satorjator' emanaldian Eneko eta Nerea bidaia magiko berri batean murgilduko dira; oraingo honetan Lur planetaren bihotzera. Lur azpian aitatxik emandako mapa bati esker altxor magiko bat bilatuko dute eta bertan lagun berriak eta aspaldiko bat topatuko dute. Beldurrari eta hango abenturei aurre egingo diete abesten eta dantzan. Gainera mugikorrekin ematen dugun gehiegizko denborari, hausnarketa egingo diete gailu horien fundamentuzko erabilera bultzatuz eta jolasteko galtzen dugun orduak kritikatuz. Irriz eta musikaz betetako antzerkia da 'Satorjator' ikuskizuna.

Entzun Ene Kantak 'Satorjator' emanaldian abestuko dituzte hainbat abesti.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide