'K-Baret' antzerki musikalaren ostiraleko saiorako sarrerak agortu dira

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 12a, 12:00
'K-Baret' antzerki musikala.

Bigoterik Gabe Antzerki Taldeak martxoaren 22an Baztartxon eskainiko duen 'K-Baret' antzerki musikala ikusteko sarrera guztiak agortu dira. 

Baztartxo goraino beteko da herriko gazteen lehen emanaldia ikusteko. Taldeak jakinarazi du martxoaren 22an, 21:30ean emango duten emanaldirako sarrera guztiak agortu direla. Joan den asteazkenean jarri zituzten sarrerak salgai, eta astebete bete aurretik agortu dira lehen saiorako txartelak. Hurrengo egunean, martxoaren 23an, 18:30ean emango duten bigarren emanaldirako sarrerak gelditzen dira oraindik. Sarrerak Gazte Informazio Bulegoan lortu beharko dira, 5 euroren truke. Egunean bertan —sarrerak gelditzen badira— zazpi euro ordaindu beharko da sarrera bakoitza.

Sinopsia

Urteak itxita daramatza Dumontarren kabaret zaharrak, baina Rose eta Juliettek ateak berriro irekiko dituzte. Lokal honetan hainbat artista arituko dira bezeroen egonaldia arintzen. Baina artista hauen egonaldia ez da batere arina izango. Teilatu desberdinen azpian jaioak eta berdinaren azpian elkartuta, euren biziak, ametsak eta amesgaiztoak elkarbanatuko dituzte. Argiak eta itzalak. Agurrak eta ongietorriak. Enkajea, lentejuelak eta ezpain gorriak. Bertan emango diren tirabiren testigu izango da ikuslea Cedric Flamcourtek gidatuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide