Eizmendi eta Vicente, Plaza Berri txapelketako onenak

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 10a, 11:34

Baztarrikaldeko festak ospatzen ari dira auzoan, eta atzo, zapatua, Plaza Berri Harri-Jasotze Saria eta Aizkora Saria jokatu ziren Gurea pilotalekuan. Azkenean, Jokin Eizmendi harri-jasotzaileak eta Iker Vicente aizkolariak jantzi zuten txapela.

1981etik plazara atera gabe dagoen harriarekin zortzi harri-jasotzaile lehiatu ziren: Imanol Illarramendi 'Kortaberri', Jokin Eizmendi, Joseba Ostolaza, Beñat Telleria, Sergio Mielgo, Aimar Galarraga, Gorka Etxeberria eta Jexux Mari Iruretagoiena 'Izeta III.a'. Sei minutuko txanda bana egin behar izan zuen bakoitzak. Azkenean, 12 aldiz harria jasota, Eizmendik jantzi zuen txapela. Bigarren postuan, 'Kortaberri' gelditu zen bederatzi jasoaldi eginda eta hirugarren postuan, berriz, Etxeberria, zortzi jasoaldirekin. 

Harri-jasotzaileen ondoren, berriz, Aitzol Atutxa, Iker Vicente eta Mikel Larrañagak kanaerdiko zortzi pago ebaki behar izan zituzten. Vicentek bukatu zituen lanak lehendabizi, eta berak jantzi zuen txapela. 

Argazkiak: Ibon Errazu Uria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide