Martxoak 8

Mosaiko feminista, M8ko aldarria lau haizetara zabaltzeko

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 8a, 20:09
Mosaiko erraldoia plazan.

Sostenipe talde feministak deitutako ekintzak izan dira egun osoan zehar plazan, eta aldarrikapen ekintzak mosaikoarekin batekin itxi dituzte.

Mosaiko erraldoiarekin itxi dituzte gaurko aldarrikapen ekitaldiak, baina urte osora hedatzeko asmoz. Ehunka herritar elkartu da iluntzean plazan, eta egun osoan zehar egindako aldarriak lau haizetara zabaldu dituzte. Azkoitian jendetzak egin du gaur bat mugimendu feministak deitutako grebarekin eta Sostenipek antolatutako ekitaldiekin. Grebaren eragina nabaritu da hainbat zerbitzu publikotan ere.

Honako gutun hau irakurri dute Sostenipe talde feministako kideek mosaikoa osatzen zuten bitartean:

«Gaur M8, heteropatriarkatuaren zapalkuntza jasaten dugun —trans, bollera eta emakumeok— 'emakumeok plazara' aldarrikapenarekin, herriko erdigunea hartu dugu, gure bizitzak erdigunean jartzearen urgentzia ikustarazteko!

Zaintza berrantolatu beharra dago. Ez dagokigun lan karga bat jasaten dugu, eta gizarteak gure zeregin naturaltzat hartzen du. Aski da! Ez, hau ez da gure ardura, bizitza ardura kolektiboa eskatzen dugu! Ez, ez dugu isilpean jasango! Politika publikoek ardura hartzeko ordua heldu da! Parekidetasuna bermatzeko politikak eta berdintasun formalaren garapena ezinbestekoak direlako, eraldaketa sozial bat eman dadin. Greba honetan, bost ardatz hartuko ditugu kontuan: pentsionistak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa.

Horregatik, 24 orduz planto egingo diegu sistema baztertzaile honen oinarriei: planto kontsumoari, planto kapitalismoari, planto heteropatriakatuari, planto kolonialismoari eta planto kapazitismoari! Planto eginez gero, mundua gelditzen delako!

Planto errudun sentitu gabe, planto inori azalpenak ematen ibili gabe, planto inpaktuaren beldurrik gabe. Planto sistemak gehien baztertzen dituen, eta ondorioz planto egiteko aukerarik ez duten emakumeengatik*. 

Azken batean, gure amonei, amei, emakume etorkinei, zaintzaileei, transei, bollerei, niri, zuri eta guri lapurtu zaigun denbora eta bizitzagatik.

Azkenean bai, ausartu gara…planto!»

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide