Aldaketak iragarri ditu Aldundiak, Munategin

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 8a, 11:08
Munategi.

Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgunea, bi autobus geltoki eta pasabide bat egingo ditu Munategin, Basarte poligonoaren bidegurutzean. Foru Aldundiak hainbat xehetasun aurkeztu du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO).

Egun (T) motako bidegurutzea dago Munategin, Basarte poligonora sartzeko. «Egoera gatazkatsuak» sortzen direla azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, hala nola, «istripuak», «oinezkoek bidea gurutzatzeko arriskua» eta «autobusa gelditzeko leku segururik ez».

Bide Azpiegituretako Departamentuak, «atzemandako arazoak konpontzearren», biribilgune txiki bat proiektatzeko aukera aztertu eta biribilgunea egiteko proiektua aurkeztu du GI-631ean, Basarteko bidegurutzean. Biribilgune zirkular bat egingo dute hiru adarrekin, 42 metroko diametrokoa. Horrez gain, bi autobus geltoki eta oinezkoen nahiz txirrindularien pasabide bat egingo dute. Proiektuak honako lan hauek ere jasotzen ditu: bide zorua berritzea, eragindako zerbitzuak birjartzea —drainatze sarea eta ur hornidurako hodi bat— bi paldo lekuz aldatzea, zonako argiteria-sare berria egitea, eta azkenik, lorezaintza-lanak.

Obren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 315.594,30 euro da. Horri %21eko BEZari dagozkion 66.274,80 euro gehitu beharko zaizkio. Obrak egiteko hiru hilabete beharko dituztela aurreikusi du Foru Aldundiak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide