Azkoitiar ugari izango da Sanjosetako trikiti jaialdian

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 8a, 16:30
Iazko jaialdiaren amaiera. (Argazkia: uztarria.eus)

Hurrengo zapatuan, martxoak 16, Sanjosetako trikiti jaialdia egingo dute, Azpeitiko Soreasu Antzokian. Aurten antolatzaileek jarritako gaia da 60 eta 70. hamarkadetako Urola Erdiko trikitia. Guztira zazpi talde igoko dira Soreasuko agertokira, eta azkoitiarrek protagonismo berezia izango dute; sei taldetan izango da azkoitiarren bat.

Martxoaren 16an, 17:30ean hasiko da jaialdia, eta honako azkoitiar hauek parte hartuko dute. Mamen 'Maltzeta' azkoitiarra, Patxi Aiorga eta Joseba Zabalorekin arituko da, eta Sakristaua, Egurrola, Epelde, Txato, Izer eta Porrutxo, Berastegirekin eta Iturbiderekin. Horiez gain, Aizpurutxo anaiak, Laja II.a eta Landakanda, Zabale aita semeak-Uitte eta Imuntzo eta Epelarre ere Azpeitian izango dira.

Dokumentalaren zatiak jaialdian

Antolatzaileen gaia da 60. eta 70. hamarkadetako trikitia. Hori baliatuz, Urola Erdiko trikitilariak eta pandero jotzaileak omenduko dituen dokumentala egiten ari dira Trikigiro kultur elkartea eta Kulturaz kooperatiba, 2018ko apirilaz geroztik. Jaialdian dokumentalaren teaser zati bat ikusteko aukera izango dela jakinarazi dute egileek. Bost minutu inguru iraungo du dokumentalaren zatiak. 

Sarrerak bihartik aurrera

Bihar, martxoak 9, jarriko dituzte sarrerak salgai. Sarrera bakoitzak 12 euro balioko ditu, eta Azkoitiko Ixidro erretegian eskuratu ahalko dira. Bestalde, elkarteko helbide elektronikora idatzita —trikitixa@trikitixa.eus— eta goizez 943 83 28 28 telefono zenbakira deituta ere lortu ahalko dira. Azpeitian, berriz, Mendizabalen, Pastorkuan eta Berdien lortzeko aukera izango da. Jakinarazi dute, erreseba egindakoek 16:30ak baino lehen jaso beharko dituzte sarrerak jaialdiaren egunean, bestela saltzen jarriko dituztela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide