Azken agurra Xabier Arzalluzi

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 2a, 21:38
Arzalluzen gorpua parrokiatik atera bezain laster.

Jendetzak eman dio agurra Xabier Arzalluz Antia (Azkoitia, 1932) politikari jeltzaleari. Ehunka lagunek bete dute Andre Mariaren Jasokundeko parroki eliza. Euskal Herritik zein kanpotik etorritako aurpegi ezagunak izan dira Azkoitian.

Azkoitiko parrokia txiki gelditu da Xabier Arzalluz politikariari azken agurra emateko. Ostegunean, otsailak 28, hil zen Azkoitiko politikari jeltzalea. Politika munduko beste aurpegi ezagun asko ere izan dira parrokian. Iñigo Urkullu lehendakaria, Uxue Barkos Nafarroako presidentea, Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidentea eta Eusko Jaurlaritzako kontseilariak eta EAJko hainbat buruzagi izan dira parrokian.

Gainerako alderdietako politikariak ere izan dira azken agurra ematen, besteak beste, EH Bilduko kideak —Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Pello Urizar eta Josu Juaristi—, PSE-EEko kideak —Idoia Mendia eta Iñaki Arriola— eta Kataluniako eta Galiziako politikariak —Gabriel Rufian eta Xosé Manuel Beiras—, esaterako. Gizarteko gainerako arloetako aurpegi ezagun asko ere izan dira herrian. Azkoitiko EAJko ordezkariak ere hileta elizkizunean izan dira, Javier Zubizarreta alkatea buru zutela. Felix Azurmendi Azkoitiko parrokoak zuzendu du gaurko elizkizuna.

Xabier Euzkitzek hiru bertso abestu ditu elizkizunaren amaieran. Gorpua parrokiatik atera dutenean, berriz, bi aldeetan ikurrinak zituztela, 'Eusko Gudariak' abestu dute irrintzi eta «Gora Euskadi Askatuta» oihuek lagunduta. Parrokia goraino bete da, eta eliz atarian bozgorailuak jarri dituzte hileta elizkizuna jarraitzeko.

Argazkiak: Ibon Errazu, Javier Beristain eta Maxixatzen

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide