Martxoak 8

M8ko Azkoitiko egitaraua, prest

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 28a, 12:22
Elkarguneko bilera irekian parte hartu zuten hainbat herritarrek, M8ko egitaraua lantzen hasteko.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak M8ko grebarako deia egin du, eta, gehiengo sindikalarekin batera, zaintza lanak ipini ditu aurtengo grebaren erdigunean, dagokien balioa emateko asmoz. Dei horrekin bat egin du Azkoitiko Sostenipe talde feministak. Greba Azkoitira ekartzeko, bilera irekia antolatu zuen Sostenipek, eta hainbat herritar elkartu ziren joan den otsailaren 8an, Elkargunean. Bertan hainbat ideia bildu zituzten, eta M8ko ekintzak eta mobilizazioak lantzen hasi ziren.

Hona hemen datorren martxoaren 8an, ostirala, herrian izango diren ekintzak:

-10:00etan, emakumeok* plazan. Egun osoan egongo dira plazan.

-11:00etan, kafe tertulia, plazan

-13:00etan, kazerolada plazan

-14:00etan, bazkari autogestionatua (bakoitzak berea eraman behar du), plazan

-16:00etan, Amaia eta Andrearen kontzertua, plazan

-18:00etan, gorputzak mugitzera, plazan

-19:30ean, mosaikoa, plazan

Ekintzetan parte hartu eta ekintzak bideratzen lagundu nahi dutenek, aurrez izena ematea gomendatu du Sostenipek.

Martxoaren 8an transen, bolleren eta emakumeen bizitzak erdigunean jartzea da asmoa. Horregatik, bost ardatzetan antolatu dute greba: pentsionisten, ikasleen, zaintzaren, enpleguaren eta kontsumoaren greba feminista izango da.

 

Emakumeen zeregina M8an

1. Lantoki eta ikasgeletan greba egin.

2. Herriko mobilizazioetara joan.

3. Zaintzeari utzi eta, hori irudikatzeko, amantala balkoian eskegi.

4. Arlo konkretu batean greba antolatu eta zabaldu.

5. Besoko morea eta txapa ipini, grebarekin bat egiten dutela adierazteko.

6. Ez kontsumitu. Dena itxita egotea da helburua.

 

M8ko Erakunde Adierazpena

Otsailaren 27ko Udalbatzaren bilkuran martxoaren 8aren bueltan honako Erakunde Adierazpen hau onartu zen EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin eta Azkoitia Bairen abstentzioarekin:

Bizitzak erdigunera

Gizarteak mezu argia jaso zuen 2018an, Mugimendu feministak Martxoaren 8rako egindako emakumeen lan-etenaldi deialdiari eman zitzaion erantzunaren aurrean: kaleak bete ziren eta elkarlan-sareak sustatu, emakumeek beren aukera-berdintasuna erreklamatzeko abian jarrita zuten borrokak atzera bueltarik ez zuela.

2019rako ere indarrean jarraitzen dute emakumeen aldarrikapenek, Bizitzak Erdigunera! lelopean. Aurten ere, emakumeen bizitzak jasangarri, libre, anitz eta duinak izateko eskaerak kaleak hartuko ditu. Beharrezkoa da emakumeen lan-prekarietatea eta pobrezia salatzea, indarkeria matxista guztien aurka egitea, eta bazterkeria eta arrazakeriari uko egitea.

Gizarte honen barnean emakumeengan eragiten duten zapalkuntza eta diskriminazio-sistema guztiak desagerrarazteko lanean gure udaletik ere Martxoaren 8an Emakumeok planto egitea eta Bizitzak Erdigunean jartzea aldarrikatuko dugu.

 

Eta zer esan nahi du azken horrek, zehazki?

Gure bizitzak sostengatu eta beroriek erdigunean jartzeko ordainduak eta ordaindugabeak diren lan guztiak beharrezkoak diren heinean, nagusiki emakumeoi egokitu zaigun zaintza-lan hori guztia eremu pribatu horretatik atera behar dugula; hau da, zaintza eta etxeko lanen ardura sozializatu behar dela eta gizonek eta erakunde publikoek ardura zuzenak hartu behar dituztela.

Denboraren erabilera orekatzea erabat estrategikoa eta gakoa da berdintasun-politikak eraginkorragoak izan daitezen. Europako Berdintasun Adierazleak kontuan hartzen dituen esparruetatik Denborakoan eragiteak, Boterea, Ezagutza, Dirua eta Enpleguetako domeinuetan eragitea ere badakar.

 

Aurrekari hauek aintzat hartuta, Azkoitiko Udalak erabaki hauek hartzen ditu:

- Azkoitiko Udalak ardura hartzen du berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak burutzeko.

- Azkoitiko Udalak ardura hartzen du zaintza-lanak bere politika publikoen erdigunean jartzeko.

-Azkoitiko Udalak, Mugimendu feministak deitutako greba dela eta, ardura hartzen du udaleko emakumezko hautetsi eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak emateko.

Azkenik, herritarrak deitzen ditu Emakumeen Nazioarteko Egunagatik Mugimendu feministak Martxoaren 8an deitutako mobilizazioetan eta ekitaldi desberdinetan aktiboki parte hartzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide