Errigoraren kanpaina berria martxoaren 7tik 22ra, Nafarroako euskalgintza eta ekoizleak laguntzeko

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 27a, 17:50

Tokiko produktuak kontsumitzeak dituen onurak azpimarratuko dituzte kanpaina berri honetan, urrunetik produktu horiek ekartzeak ingugiroan eta sozionomikoki sortzen dituen arazoak azaleratuz.

Zalantza guztiak uxatuz, oso harrera ona izan zuen proposamenak. 30 herri ingurutan egin zuten kanpaina lehen urte hartan, eta 30.000 litro olio eta 50.000 ontzi kontserba heldu ziren 1.500 bat sukaldetara. Hurrengo lau urteetan kanpainak izan duen hazkundea ikaragarria izan da: 5 urtetan 240.000 litro olio eta 700.000 ontzi kontserba baino gehiago banatu dira, eta 2018ko kanpainan 6.500 etxetan egin zuten eskaera.

Kanpainaren planteamendua, oinarrian, bere horretan mantendu da 5 urteotan. Hala ere, nabarmen zabaldu da eskaintza eta, kontsumitzaileekin batera, asko hazi da parte-hartzen duten ekoizleen kopurua. Honez gain, 2017an azpimarratzeko aldaketa bi jasan zituen kanpainak: olioa eta kontserbak bi txandatan eskatzetik guztia batera eskatzeko planteamendura pasa ziren (banaketa eta ordainketa bi txandatan mantendu arren) eta produktu guztiak ekologikoan ere eskaintzeko pausoa eman zuten.

5. urteurreneko edizioan Eskutik eskura kanpainaren oinarrian dauden balioei buruz hitz egin nahi dute. «5 urte daratzamagu, urruneko produktuak gure sukaldeetara ekarri eta bertako produktuak urruneko sukaldeetara eraman ordez, tokiko produktuak gurean merkaturatzen. Izan ere, zertarako ekarriko ditugu zainzuriak antipodetatik hemen bertan primerakoak baditugu? Edo, zertarako joango gara inora gure produktuak saltzera hemen bertan haien gosez dagoen milaka kontsumitzaile arduratsu badugu?», galdetzen dute.

Karbono aztarna murriztea eta paisaia mantentzea ditu helburu Errigorak. «Ekonomia bertokiratu eta lehenengo sektorea eta tokiko elikagaien industria txikia bultzatzeko pausuak» eman dituzte, eta nola ez, euskal lurraldeen arteko harremanak elikatzen dituzte.

Auzolana, burujabetza eta komunitatea
«5 urte daramatzagu auzolana balioan jartzen, gauzak bestela egin daitezkeela frogatuz», diote. Borondatezko lanean oinarritutako sareak ehuntzen, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko distantzia laburtuz eta alde bientzat prezio zuzenak adostuz. «Izan ere, ezin dugu ahaztu kasu honetan milaka hatz daudela eskutik eskura». Zentzu berean, denbora guzti horretan «beste era batean ekoizteko, beste era batean kontsumitzen» daitekela frogatu dute. «Berandu baino lehen gure elikadura-sistemaren gaineko erabakiak hartzeko gai izan gaitezen pausu txikiak emanez eta, bide horretan, nekazarien eta elaboratzaileen arteko harremana sustatzen» ahalengindu dira.

Ekoizle arduratsuak, kontsumitzaile arduratsuak, euskaltzale borrokatuak, herrigintzako lagun nekaezinak... 5 urte daramatzate desberdinen arteko harremanak elikatzen eta komunitate anitza trinkotzen.

Kanpaina berriaren datak
Martxoaren 7tik 22ra egin ahal izango dira eskaerak, bi modutan: online errigora.eus webgunean ala Azkoitiko hainbat tokitan banatuko diren eskuorriak betez. Apirilean olioaren bila eta maiatzean kontserben bila pasatu beharko da. Ordainketa produktuak jasotzean egin beharko da.

Eskaintzak azken urteetako ildoa jarraituko du, baina aurtengoan bi berritasun nagusi izango ditu kanpainak: arroza eta kamisetak. Kamisetak olioarekin batera banatuko dira, marka ikustarazteko zein komunitatea indartzeko asmoz (5 euroan eskainiko dira). Arroza, ostera, kontserbekin banatuko da, baina online bakarrik eskatu ahal izango da, stock mugatua baita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide