Hizkuntza Eskolak eskaintza zabalduko du datorren ikasturtean

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 27a, 13:01
Gaztanenea eraikina.

2016-17 ikasturtean ingelesa irakasten hasi ziren eta hurrengo bi ikasturtetan alemana eta frantsesa gehitu dira. Datorren ikasturteari begira, «ikastaro eskaintza zabaltzeko konpromisoa» hartu du Hezkuntza sailak, eta euskararen C1 maila emango dute.

Estreinako aldiz euskara ikasteko aukera eskainiko dute Gaztanenean. C1 maila emango da datorren ikasturtetik aurrera. Ingelesean ere, aurten B2 gainditzen dutenek aukera izango dute C1 maila ikasteko. «Orain arte, C1 maila egin nahi zutenek Eibarrera joan beste erremediorik ez zuten», azaldu dute Udaletik.

Hizkuntza Eskolak Azkoitian presentzia duenetik hirugarren ikasturtea da aurtengoa. Ingelesaren irakaskuntzarekin eman zitzaion zentroari hasiera eta handik urtebetera frantsesa gehitu zitzaion bertako eskaintzari. Aurten, berriz, alemana. «Datorren ikasturteari dagokionez, hoberena da ingelesean B2 gainditzen dutenek edota lehendabiziko aldiz maila horretan izena ematen dutenek ez dutela Eibarreraino joan beharrik izango. Ikasketekin Azkoitian bertan jarraitu ahal izango dute», esan du Marijose Arregi Hezkuntza zinegotziak. «Eta —gaineratu du— gauza bera gertatzen da frantsesarekin. Ikasleek aukera izango dute A1 edo A2 maila egiteko. Orain maila bakarra eskaintzen da. Aipatzekoa da, estreinakoz euskara ere irakatsiko dela 2019-20 ikasturtetik aurrera».

 

2019-20 ikasturterako Hizkuntza Eskolaren eskaintza:

Euskara – Talde bat. Maila: C1

Ingelesa – Lau talde. Mailak: B.2.1 / B2.2 / C1

Frantsesa – Bi talde. Mailak: A1 / A2

Alemana – Bi talde. Mailak: A1 / A2

Atzerriko hizkuntzak praktikatzeko aukera, aisialdian

Aurreko urteetan bezala, aurten ere Udaleko Hezkuntza sailak sustatuta, herritarrek aukera dute atzerriko hizkuntzak praktikatzeko aisialdiaz gozatuz. Pintxo-potea ingelesez egiteko aukera luzatuko da. Partaideek hiztun natibo baten laguntza eta konpainia izango dituzte. Eskaintza hau espresuki herritar guztiei zuzendua da, ez bakarrik Hizkuntza Eskolako ikasleei. 

Martxoko, apirileko eta maiatzeko egun jakinetan gauzatuko da ekimena. Ingelesez pintxo-potea martxoaren 14an eta 28an, apirilaren 4an eta 11n, eta maiatzaren 9an eta 23an egingo da. Parte hartu nahi dutenentzat topagunea Hizkuntza Eskola izango da eta 19:30etik 21:00etara luzatuko da saioa.

Alemana praktikatzeko ekintzak

Alemana praktikatu nahi duenarentzat, berriz, Udalak hainbat solasaldi saio antolatu ditu eta pintxo-potearen antzera, ekintzak herritar guztientzat irekiak izango dira. Ekintza guztiak irekiak eta doakoak izango dira, eta Hizkuntza Eskolan izango dira. Hona egitaraua:

- Martxoak 13, 18:00etan: Alemaniari buruzko aurkezpena, ikuspegi politiko, geografiko, sozial, hizkuntza eta erlijiotsutik.

- Martxoak 27, 18:00etan: Alemanen izaera, gizarte ohiturak eta hierarkia, festak, janaria, edaria…

- Apirilak 3, 18:00etan: Alemaniako sektore ekonomiko nagusiak, energia berriztatzaileak, birziklapena…

- Apirilak 10, 19:00etan: 'Das Leben der Anderen' pelikula jatorrizko bertsioan.

- Maiatzak 8, 18:00etan: Eskola eta unibertsitate sistema. Alemanian ikasteko eta lanerako aukerak.

- Maiatzak 15, 19:00etan: Emakume eta gizonen rola, soldata arrakala, e.a.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide