EH Bilduk herri programako hamar puntu nagusi aurkeztu ditu

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 23a, 13:46

Gaur eguerdian EH Bilduk prentsaurrekoa eman du, datorren maiatzeko udal hauteskundeetarako EH Bilduren herri programaren neurri nagusienetako batzuk aurkezteko. Ainara Goenaga EH Bilduko alkategaiak azaldu du herri programa osatzen ari direla eta herritarrekin harremanetan jarraituko dutela hori osatzeko. 

Hamar puntu hauek dira gaur EH Bilduk aurkeztu dituenak: 

1. Azkoitiko irisgarritasun plana eguneratuko dute, «behar gehien« duten auzoak lehenetsiz: Floreaga, San Martin, Plaza Berri... Irisgarritasuna «oso garrantzitsua» dela uste dute. Herritarren eskubideeak errespetatzeko lan egingo dutela gaineratu dute, eta, horrez gain, Floreagako 4. faseko igogailua gauzatuko dutela ahalik eta lasterren: 2019. urtean.

2. Elkargunearen pribatizazioari amaiera emango diote eta «kudeaketa zuzen eta publikoa» ahalbidetuko dute. Hamar urte beteko dira Elkarguneko kontratua sinatu zenetik, eta aurten amaituko da kontratu hori. Beraz, EH Bildutik horren «kudeaketa zuzen eta publikoa» bultatuko dute, «herritarrentzako zerbitzua hobetu eta bertako langileei baldintza duinak emateko». 

3. Herriko kirol instalazioen egokitzapena eta berritzea gauzatuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Azken urteetan herriko zenbait kirol instalakuntza «txiki eta zaharkituta» gelditzen ari direla uste dute. Eta horregatik, Foru Aldundiarekin elkarlanean, «arazo horri» irtenbidea emango diete. 

4. «Pentsioen bizi baldintzak duintzeko» diru laguntza sortuko dute. 

5. Azkoitiko kultur egoeraren azterketa egingo dute, herriko sortzaileei zein kultur eragileei duten balioa nabarmentzeko.

6. Berdintasun politikak berreskuratuko dituzte eta berdintasun teknikaria kontratatuko dute. Hori aspalditik daukaten «borroka» dela esan dute, eta horri irtenbidea eman beharrean daudela azpimarratu dute. «Ezinbestekotzat» ikusten dute berdintasun teknikari propio bat izatea udaletxean, herrian berdintasun politikak garatzeko. 

7. Etxebizitzak alokatzeko diru laguntzaren oinarriak aldatuko dituzte, laguntza hori adin guztietara zabaltzeko. Azken urteetan ikusi dute prekarietatea ez dela gazteen egoera bat soilik, eta horri irtenbidea emateko egingo dute aldaketa hori. Horrela, gazteei ez ezik, adin guztietako pertsonei lagundu ahal izateko. 

8. Ondasun Higiezinen gaineko zerga (OHZ) aldatuko dute, familia unitatearen diru sarreren araberakoa izan dadin. Zergen progresibitatean sinesten dute, eta horretan lan egingo dutela azaldu dute.

9. Dendari txikiei alokairua ordaintzen laguntzeko diru laguntza sortuko dute. Etxebizitzako alokairuaren antzera, ikusi dute dendariek ere lehengo urteetan ez ezik beste urteetan ere «egoera larriak» igarotzen dituztela, eta hori «arintzeko asmoz» lokalaren alokairua ordaintzen laguntzeko diru laguntza sortuko dute. 

10. Baserrietako «ustiapenaren» eraikitzeko «erraztasunak» bultzatuko dituzte, behar diren «Udal lege aldaketak» eginez. 

Gaurko aurkezpena bideoan: 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide