Euskal preso eta iheslariak etxeratzeko elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 22a, 20:28

Azken ostiraleko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean hainbat herritarrek, preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeko. Kalerak antolatutako ekimenean ehun lagun inguru bildu dira, plazan.

Hona hemen Kalerak egindako aldarriak:

«Pedro Sanchezen gobernuak espetxe politikaren aldaketa iragarri zuen joan den udan, baina oraindik zain gaude. Ordutik hona, kolektiboko 19 presoen lekualdaketa egon da Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara, hau da, espainiar Estatuan euskal presoen %11 Euskal Herritik 190 eta 400 kilometro artean dauden espetxeetara mugitu dituzte. Preso bakar bat ere ez dute ekarri Euskal Herriko espetxeetara!

Lekualdaketa hauek, eta hauek gauzatzeko moduak, presoen senideentzat frustrazio handiagoa suposatzen du, presoen senide eta lagunen motxila geroz eta pisutsuagoa eginez. Salbuespen neurri hau 30 urtez jasan izan dute eta sektore zaurgarrienek (adin nagusiko pertsonak, haurrak…) badakite mendekuz betetako politika anker hau jasatez ez direla libratuko, honek dakarren sufrimendua handituz.

Urtarrilean esan genuen bezala, egoera honek irauten duen bitartean ezin dugu normalizazioaz hitz egin. Presoen senide eta lagunak egoera okerragokoan daude, kontutan harturik sortutako itxaropenek urduritasun eta frustrazio handigoa eragin dutela. Egunak pasa ahala  zama handiagoa da eta azpimarratu nahi dugu gobernuak egindako lekualdaketak ez direla adierazgarriak, urriak baizik.

Espetxe neurria izan beharrean neurri politikoa izaten jarraitzen du, bestela zergatik Zaballa edo Iruñea ukatzen jarraitzen dute? Zergatik ez dituzte euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzen?

Konpromisoa hartzeko eta espetxe politikak sekula ez duela zentzurik izan aldarrikatzeko garaia da, gaur egun ez duela inongo justifikaziorik azpimarratzeko, ez baita ez legezkoa ezta gizatiarra ere.

Hau guztia dela eta borrokan jarraituko dugu 0 kilometro eskatuz, preso guztiak Zaballara edo Iruñea ekartzeko eskatuz!

Giza eskubideei ezin zaie baldintzarik jarri! Guk ere iraganean hitz egi nahi dugu! Euskal presoen senide eta lagunentzat etorkizun hobea nahi dugu».

Datorren elkarretaratzea martxoaren 29an izango da, 19:00etan, plazan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide