2019ko Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketak baditu saridunak

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 22a, 20:25
2019ko Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako saridunak Udaleko eta Azkoitiko Kultur Elkarteko ordezkariarekin.

XXXVII. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako sariak banatu dituzte gaur arratsaldean, udaletxeko osoko bilkura aretoan. Marijoxe Azurtza donostiarrak jaso du lehen saria, Laranja koloreko gela lanagatik. Karmele Mitxelena oiartzuarra izan da bigarren saritua, Memoria gorria lanarengatik, eta azken bi edizioak irabazi dituen Iraitz Legarra markinarra izan da hirugarrena, Suari ipuinagatik. Guztira, 20 lan aurkeztu dira aurtengo edizioan.

Azkoitiko Kultur Elkartearen izenean, epaimahaiko kide den Mikel Sudupek azaldu aurtengo edizioak eman duena. «Ipuin txukun, mamitsu eta zoragarriak» sortzen ausartu direnei eskerrak eman dizkie. Euskara «landu» eta «aberatsa» aurkitu dutela ere gaineratu du zenbait lanetan. Eta «benetan zaila» egin zaiela ere esan du sei-zazpi ipuin onenen artean hiru onenak sailkatzea.

Lehen hiru lan onenak honela laburbildu ditu:

Laranja koloreko gela: Nerabe baten istorioa kontatzen da. Ingurukoek adin horretako jendea nola baldintza dezaketen eta gurasoen ardura erakutsiz eta egungo gizartean etxeko heziketaren garrantzia azpimarratuz.

Memoria gorria: Adineko emakume baten sentimenduak minbizia diagnostikatu eta bi hilabetetako bizi iraupena ematen diotenean. Xalotasun handiz kontatua.

Suari: Emakume batek hildako senarrari idatzitako gutuna. Elkarrekin bizitakoak, esan gabe geratutakoak argitzeko, eta barruak askatzeko balio diona.

Epaimahaiak gai nagusiari ematen zaion tratamendua, irakurlearengan pizten duen interesa, erritmoa edota euskara maila dira ipuinak baloratzerako orduan aintzat hartzen dituzten irizpideak.

Javier Zubizarreta alkatearen eskutik jaso du saria Marijoxe Azurtzak. Alkateak hiru irabazleak eta parte-hartzaile guztiak zoriondu ditu. «Zorretan gaude Bizenta Mogelekin. Ez euskal literaturaren historian toki bat eman diolako gure herriari bakarrik. Baita urtero idazle eta irakurleok biltzeko aukera ematen digulako ere euskararen, literaturaren eta emakume idazleen izenean», esan du.

Aurtengo lehiaketako irabazleak saritzeaz gain, 2007 eta 2014 bitartean saritutako ipuinak biltzen dituen liburua ere aurkeztu da. Izan ere, Udalak bi urtez behin aurreko urteetan saridun suertatutako lanak argitaratzea erabaki zuen eta azken ale hau labetik atera berria da. Liburua eskuragarri dago udaletxeko Kultura sailean nahi duen ororentzat.

Ekitaldia girotzen lagundu dute Bizkargi Musika Eskolako Mikel Urdangarin, Nora Uria eta Josemari Larrañaga biolinistek.

Bizenta Mogel Lehiaketa, Mogelen omenez

Bizenta Mogel, Bizent Mogel Elgezabal, euskarazko lehen emakumezko idazlea da. Azkoitian jaioa, 1782an. Garai zailetan, ikasteko aukera soilik gizonezkoen pribilegioa zen sasoietan gailendu zen Mogel.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide