Udalaren webgunea berritu dute

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 20a, 18:52
Udalaren webgune berriak duen itxura.

Udalak webgune berria estreinatu du. «Interaktiboagoa eta bisualagoa» izateaz gain, 'responsive' diseinuarekin garatu da, alegia, edozein gailu mugikorretara egokitzeko gaitasuna du, erabiltzaileak «ondo ikus dezan» webgunea gailu elektroniko guztietan. Aurreko webguneak ez zuen azken ezaugarri hori, «zaharkituta egoteaz gain», azaldu du Udalak.

Weba garatzeko orduan, lehenetsitako helburua izan da «erabilerraza» izatea. «Horrekin batera, zaindu diren alderdiak izan dira webaren funtzionaltasuna, irisgarritasuna edota diseinua garbia eta intuitiboa izatea, erabiltzailearen esperientzia hobetzeari begira», dio Udalak.

Herritarrek webgunean eskura dituzte Udalaren albisteak, agenda, diru laguntzen edota esleipenen inguruko informazio zehatza. Udalerriari begira, informazio praktikoa ere jasotzen da. Bisita daitezkeen monumentuak, garraio publikoaren eskaintza, ostalaritzako, merkataritzako eta industriako gidak, planoak, telefono interesgarriak, eta abar. Gainera, interakzioarako edo online tramiteak egiteko aukera ematen du. Bestalde, eskaintzen duen berrikuntzetako bat da buletinera harpidetzeko aukera. Horri esker, nahi dutenek euren posta elektronikoan jasoko dituzte udalaren azken berriak. Atal gehientsuenak mantendu egin diren arren, edukiak berrantolatu egin dira, «webgunearen arkitektura argia eta hierarkizatua landuz». Bilatzaile ahaltsuago bat ere gehitu da.

Webgune berria garatzerakoan Azkoitia Lagunkoiaren talde eragileak mahai gaineratutako ekarpenak ere aintzat hartu dira. Adin nagusiko pertsonei irakurketa errazteko letra tamaina handia izatea eskatzen zuten eta horri erantzunez finkatu da tipografia.

Azkoitiko Elkarmedia enpresak garatu du webgunea, eta Juanan Cendoya argazkilari azkoitiarraren irudiekin osatu dute webgunea. Udalak publikoki eskerrak eman dizkio Cendoyari argazkiak uzteagatik.

Azkoitia.eus helbidean bisita daiteke webgune berritua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide