Helduen hezkuntza eskolak egoitza berria du

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 15a, 10:50
Zubizarreta alkatea, Arregi zinegotzia eta eskola arduraduna ikasgelan. (Argazkia: Udala)

HHI-Helduen Hezkuntza Iraunkorrerako zentroak egoitza berria estreinatu du. Orain arte, Elkargunean kokatua zegoen eta Bizenta Mogel kalera tokialdatu da, hain justu, lehen Orientazio eta Enplegu zerbitzuek zituzten instalazioetara. 

Aldaketak arrazoi bategatik egin da. Elkargunean dagoen Gazteria Zerbitzuak «ez zuen behar adina espazio», azaldu dute Udaletik. Gazteria Zerbitzuak «kalitatezko zerbitzua emateko toki gutxi» zegoela adierazi dute, eta «egoera aztertu ostean», helduen eskola tokiz aldatzea erabaki dute. Helduen eskolako arduradunen esanetan, aldaketa «normaltasun osoz» eman da. «Orain, ikasleek ere toki eta lasaitasun gehiago dute kontzentratu behar dutenerako», azaldu du eskolako arduradunak.

Javier Zubizarreta alkatea eta Marijose Arregi, Hezkuntza zinegotzia bisitan izan dira ikasgela berriak ikusteko eta ikasleekin, gehienak marokiarrak edo arabiarrak, solasean aritzeko aprobetxatu dute. Alkateak ikasten jarraitzeko esan die «jakintzak ez duelako tokirik behar» eta «euskarara hurbiltzea eta euskaraz besteengana hurbiltzea dela elkarbizitza eta integrazioa errazteko modurik eraginkorrena», esan die.

Eskolara 100 ikasle inguru joaten dira, gehienak alfabetatzera. Gainera, euskaraz edo gaztelaniaz moldatzeko oinarrizko komunikazio gaitasunak eskuratzeko aukera dute bertan. Zentroak aukera gehiago ere eskaintzen ditu. Asteazkenetan, esaterako, literatur taldea biltzen da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide