Datorren ostegunean irekiko ditu ateak Lidl supermerkatu berriak

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 16a, 09:55
Lidl supermerkatuaren sarrera berria. (Argazkiak: Maxixatzen)

Lidl merkatal zentroko obrak amaitzeko azken lanetan dira langileak. Arduradunek jakinarazi dute otsailaren 21ean zabalduko dutela denda, 09:15ean. 

Joan den urteko otsailaren amaieran hasitako lanek amaiera ikusiko dute laster. Datorren ostegunean, otsailak 21, irekiko ditu ateak Schwarz talde alemaniarraren Lidl supermerkatuak. 2016an erosi zituen kateak Urrategi bideko bi lursailak —32 sektorea—, Julio Urkixo Etorbidean duen aktibitatea tokiz aldatzeko asmoz.

Lidl-ek Azkoitian egin duen inbertsioa ez da izan bakarrik lursailen erosketa. Kontratazioan jaso zen esleipendunari zegokiola urbanizazio publikoaren kostuak bere gain hartzea, alegia, 1.672.804,64 euro —BEZa barne— ordaintzea.

Udalaren ardura obrak esleitzea izan da; 2018ko urtarrilean esleitu zituen. Lizitazioa 1.730.338,79 eurotan atera zen, eta Kontratazio Mahaiak erabaki zuen Egurki Eraikuntzak SL enpresari ematea obrak egiteko ardura. Enpresaren proposamena 1.218.650,48 eurokoa izan zen. —BEZa barne—. Gero aldaketa batzuk egin dira, 476.000 euro gehituz. Guztira, 1.483.149 euro kostako dira urbanizazio lanak —BEZ gabe—.

Supermerkatuaren aparkalekua.

Aldaketak errepidean

Supermerkatuaren lanek beste hainbat aldaketa ekarriko ditu, bereziki errepide mailan. Aldaketa noiz egingo duten jakinarazi ez badute ere, egungo Urrategi auzorako sarrera bidea itxi egingo dute. Halaber, bide horren gainean supermerkatuarekin lotuko duten espaloia egingo dute.

Auzora igotzeko bide berria Gurutze Gorriaren aurreko biribilgunetik hasiko da. Ugarte baserriaren eta Lidl supermerkatu berriaren arteko errepidetik bideratuko da Urrategi auzorako bidea. Errepidea supermerkatuaren eta Zabale baserriaren atzetik igaroko da egungo bidera irten arte.

Urrategira joateko itxiko duten bidea.

Urrategi auzora joateko bide berria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide