«Lehen Mailan gaudenetik, neure burua gehiago estutzen dut»

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 12a, 18:24
(Argazkia: SD Eibar)
Herri mailako entrenatzaile izan ondoren, Eibarreko kirol zuzendari bilakatu zen Fran Garagarza, (Mutriku, 1969) Azkoitiko bizilaguna. Betiko futbolari elitekotik begiratzen dio orain, Ipuruako bulegotik, kirol kontu guztiak erabakitzen diren lekutik. Irakurri BERRIAk egindako elkarrizketa:

Aspalditik ezagutzen duzu Atxabalpe. 

Nire hasiera ekartzen dit gogora. Galtzeko partidak izaten ziren gehienak hemen. Zaila zen hemen zerbait ateratzea. Jende asko eta beroa etortzen zen hona.

Kilimon, Mutriku, Eibar Urko, Elgoibar eta Aurrera Ondarroa. Beheko futbol horretatik heldu zara orain zauden lekura.

Inoiz ez nuen pentsatu ere egin honaino helduko nintzenik. Goiz utzi behar izan nion jokatzeari, asmarekin arazoak nituelako. Gero, entrenatzaile hasi nintzen, gustatu egin zitzaidan, eskailera mailak igoz joan nintzen... eta gaur arte. 

Nolatan deitu zizun Eibarrek? 

Manixek [Mandiola] eta Javik [Perez] deitu zidaten, Bigarren Mailan Manixen laguntzaile izateko,eta batere zalantzarik izan gabe eman nien baiezkoa. Banatzaile enpresa txiki bat nuen; hura utzi, eta futbol munduan sartu nintzen. Hala ere, hurrengo denboraldian, Manixen ordez, Carlos Pouso ekarri zuen klubak, eta, hark laguntzailea ere bazekarrenez, harrobiko arduradun izateko eskaintza egin zidaten. Onartu egin nuen, eta gaur arte.

Beheko mailetako futbola eta elitekoa bi futbol mota dira?

Elitekoan ukitu komertzial handia dago. Diru asko mugitzen da. Bestean, herriko futbolean, ez da halakorik. Lehengo horretatik asko galdu da elitekoan. Lehen, bota pare bat izaten zuen jokalari bakoitzak, eta orain launa dauzkate.

Eliteko futbolak zenbat dauka negoziotik eta zenbat kiroletik?

Gero eta gehiago da negozioa. Jabeak gero eta gehiago dira klubetan, dirua jartzen duten horiek, eta emaitza ekonomikoak nahi dituzte. Haiek hartzen dituzte erabakiak, baita kirol arloan ere. Futbolarekin zerikusirik ez duen interes asko dago futbolean. Beste kirol zuzendari batzuek esaten didate haiek ez dituztela negoziatzen fitxaketak, eta jokalari berri batzuk ekartzea ere ez dutela erabakitzen. Hemen, Administrazio Kontseiluak gure esku uzten ditu kirol erabakiak, eta Eibar dagoen lekuan egotearen oinarri sendoetako bat da. Badakit hainbat lekutan ezinezkoa dela hori.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen BERRIAn.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide