Reyes Azkoitia eta Jasone Larrañaga Emakume Master Cupetik kanpo gelditu dira

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 12a, 12:15
Azkoitia eta Larrañaga. (Argazkia: Emakume Master Cup)

Reyes Azkoitiak (Azkoitia, 1952) eta haren alaba Jasone Larrañagak ez dute lortu aurrera egitea Emakume Master Cup Txapelketako promozio mailan.

Sodupeko pilotalekuan jokatu zituzten Azkoitiak eta Larrañagak kanporaketako azken partidak, igandean. Amaia Zarrabeitia eta Irati Ugalde eta Maddi Unanue eta Naroa Agirre izan zituzten aurkari Reyes Azkoitiak eta Jasone Larrañagak. Lehen bikotearen aurka 18 eta 10 galdu zuten. Bigarren neurketan, berriz, 18 eta 3 galdu zuten azkoitiarrak eta bere alabak. Horrenbestez, Emakume Master Cup txapelketatik kanpo gelditu dira.

Martin eta Garate, otsailaren 24an

Leire Martin eta Maria Garate azkoitiarrek otsailaren 24an jokatuko dituzte promozio mailako partidak. Gentzane Aldaik eta Izaskun Martinek osatutako bikotea eta Ainara Navarro eta Alaitz Artetxe izango dituzte aurkari, Orozkon. Aurreko kanporaketan, Eneritz Garate aritu zen Maria Garateren lekuan. Galdakaoko Elexalde pilotalekuan jokatu zuten txapelketako lehen kanporaketa fasea. Ainara Navarro eta Alaitz Artetxe lezamarrak izan zituzten aurkari lehen partidan, eta 18-6 irabazi zuten azkoitiarrek. Bigarren partidan, berriz, Ainara Berasaluze eta Izarne Elezkano bikotearen aurka neurtu zituzten indarrak, eta 18-2 nagusitu ziren Leire Martin eta Eneritz Garate.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide