Laja, trikitiarekin maitemindu zen gizona

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 12a, 10:00
IƱaki Garmendia 'Laja'. (Argazkia: Igotz Ziarreta)

Iñaki Garmendia 'Laja' trikitilari azkoitiarra hil zela hilabete bete da gaur. Urtarrilaren 12an hil zen, 74 urte zituela, eta oihartzun handia izan du haren heriotzak Euskal Herri osoan. Haren ibilbide oparoa gogoratu nahi izan du Maxixatzenek, eta trikiti munduaren barruan hura gertutik ezagutzen zuten hainbat herritarrekin izan gara.

Laja baserrian jaio zen Iñaki Garmendia Laja, eta 7 urterekin hasi zen soinua jotzen; aitarekin aurrena, Elgetarekin gero. Belarriz ikasi zuen Lajak asko soinua jotzen, oso barruan zeramalako eta langile amorratua zelako.

Ramon Zubizarreta Landakanda pandero jotzaile herrikidearekin batera, Laja eta Landakanda trikitilari bikote ospetsua osatu zuten, 40 urtean baino gehiagoan. Gipuzkoan gutxi izango ziren Lajak bisitatu gabeko herriak; Euskal Herriko erromeriak kontatuz gero, berriz, milaka izango ziren. Izarraitz azpian izan zen haren lehendabiziko erromeria, eta, handik hasita, horixe maite izan zuen Lajak gehien: erromerietan ibiltzea. Jendaurrean noizbehinka bazen ere, oraindik ere jotzen jarraitzen zuen, baita trikitilari belaunaldi berriei zekiena irakasten ere. Trikitiaren munduan arrastoa utzi du Lajak, zalantzarik gabe.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 2016an kaleratu zuen Laja, trikitixaren zubia liburua, Lajaren biografia. Joxemari Iriondok idatzi zuen.

Ibilbide luze eta oparoa egin zuen Lajak trikitiaren munduan, izen nabarmenetako bat izateraino. Horren aztarna bat eman dezakete plazaratu zituen diskoek: Iturbiderekin 1974an ateratako Trikitilariak lanetik hasita, Eguren eta Ziolar lagun hartuta 2005ean kaleratutako Azken Jazzbana-raino –Landakandarekin atera zituen gehienak–. 2015ean parte hartu zuen azkeneko aldiz disko batean: hiru pieza osatu zituen Trikitixa Elkarteak ateratako Geure kolkotik bildumarako.

Erromerietan ez ezik, txapelketetan ere punta-puntan ibilitakoa zen. Loiola Irratiaren bidez 70eko urteetan hasi eta 1991ra bitarte egindako txapelketa haietatik zazpi irabazi zituen, inork baino gehiago.

Iazko ekainean, Lajari omenaldi beroa egin zioten berak hain maitea zuen Aristerrazun (Aia, Gipuzkoa). Antolatzaileek Lajak hainbat urtetan egindako ibilbideari aitorpena egitea erabaki zuten. Horrez gain, erreferentziazko trikitilaria izan da Azkoitian, eta, horren adibide, andramaixetako txupinazoa bota zuen Landakandarekin batera 2016an. Lajak gau eta egunak eman ditu herritarrak dantzan jartzen. Pertsona berezia eta oso maitatua izan da.

Haren aldeko hileta elizkizunak ere argi erakutsi zuen hori: berotasunez agurtu zuten Euskal Herri osotik etorri ziren hainbat belaunalditako dozenaka trikitilarik eta erromeriazalek. Soinu eta panderoak eskuetan hartu, eta trikitiaren bueltan batzen diren hainbat lagunek Laja eta Landakandaren Euskal gazteak dantzan fandangoa jo zuten elizan, irrintzi eta guzti. Bestalde, Sebastian Lizaso, Angel Larrañaga eta haren seme Andoni Larrañagak bertso bana abestu zuten. Irteeran, berriz, kalejira batekin eman zioten betirako agurra Laja maisuari. Trikitizaleen gogoan beti geratuko da irribarrea kendu ezin zuen soinu jotzailearen oroitzapena.

 

Nola gogoratuko duzue Laja?

 

  Kruz Mari Alberdi 'Poxpi'

Pertsona langilea, gogorra eta indartsua zen musika munduan. Beldurgarria. Nik haren ondoan asko ikasi nuen 32 urtean. Euskal Herrian ez da izango nik Laja eta Landakandarekin zapaldu gabeko herririk. Hau sekulakoa izan da. Jendeak adoratu egiten zuen. Laja bezalako trikitilaririk ez da izan, ezta hark bezala erromeriak muntatzen zekienik ere. Eta ez da inor izango, gainera, Lajaren modukorik. Trikitia jotzen zuen argitasuna, haren begiratu argia, ez dut inoiz ahaztuko.

 Ramon Zubizarreta 'Landakanda'

40 urtean baino gehiagoan, guk ordu asko pasatu genituen elkarrekin. Gizon trankila zen, eta oso ondo konpontzen ginen beti. Oroitzapen onak bakarrik utzi dizkit, azkena tristeena, azkar joan da eta. Soinua jotzen, berriz, onena izan zen urte askoan. Jotzen ez zen nekatzen eta aspertzen. Hark ez zuen paperetik ikasten; buruan gordetzen zuen dena. Dohain berezia zuen.

 Iosu Arrizabalaga 'Izer'

Gogoratzen lanik ez da, ahazten ez denaz. Nigan sentituko dut maisua sormen bakoitzean, nigan sentituko dut Laja jendea dantzan daukadan artean eta nigan sentituko dut Iñaki trikitiak zoriontsu egiten nauen bitartean.

 Maite Arrizabalaga, erromeriazalea

Oso pertsona argia zen. Nik beti etxeko bat bezala sentitu izan dut, anaiarentzat eta ilobarentzat ere oso gertukoa zelako. Soinu jotzen, berriz, goxoa eta ona zen. Haren erromeria askotan ibilitakoa naiz, jende askorekin eta giro bikainarekin, Aristerrazun eta festak ziren hainbat herritan. Patxadaz jotzen zituen hark piezak; denak ziren ederrak.

 Fatima Ibarbia, erromeriazalea

Nik Lajari esker dantza asko egin dut eduki ditudan bi gizonekin. Hirurok oso zaleak izan gara, eta benetako maisu handiak utzi gaitu. Oso trikitilari ona zen, onena. Dantzan egiteko ere beste goxotasun bat zuten hark jotako piezek. Hark jakiten zuen zein jende zegoen erromerian, eta zer jo behar zuen. Haren baltseoak eta pasodobleak asko gustatzen zitzaizkidan. Barruak irri egiten zidan Lajaren doinuekin; egun asko alaitu dizkit. Oso trikitilari berezia izan da, eta oroitzapen on asko utzi dizkit.

 Tomas Soraluze 'Epelde'

Elkarrekin asko ibili izan gara, besteak beste Zarautzen eta omenaldietan. Euskal Herriko soinu jotzaile onenetariko bat izan da, eta hutsune handia utzi digu. Asko balio izan du, eta horregatik ibili da han eta hemen soinuarekin.

 Euxebi Urbieta eta Jose Mari Arrizabala 'Sakristaua'

E.U.: 1992an hartu genuen Martirietako ardura, eta erromeriak antolatzen genituen. Laja eta Mikel askotan etortzen ziren jotzera, eta jendeak gustura hartzen zituen Lajaren doinuak dantzan egiteko; batez ere, agarratuak. Omenaldia ere egin genion Lajari. Gizon atsegina zen, soinu jotzaile ona izateaz gain. Tratu handia genuen harekin.

J.M.A.: Txikitatik lagun handia nuen Laja. 16 urterekin erosi nion soinua. Gaztetan, Martirietako festetan egunero jotzen zuen. Oso gustuko trikitilaria nuen; nik ezagutu dudan onena zen.

 Joakin Sudupe 'Egurrola'

Laja trikitilaririk onena zen. Gizon jatorra zen, gainera. Elkarrekin beti broman aritzen ginen. Inoiz ez nuen haserretuta ikusi, beti alai. Soinua jotzen elkarrekin ibiltzeko ere oso ona zen. «Hasi hik nahi duanean», esaten zidan albotik. Bigarren bueltarako dena hartzen zuen buruan, baita inoiz jo gabeko pieza ere. Zeharo ona zen, onena, partikularra. Haren modukorik berriz izatea zaila izango da. Gainera, sekulako errepertorioa zuen; ez zitzaion piezarik bukatzen. 60 bat orduan jotzen segituta ere, inoiz ez zuen errepikatzen piezarik.

 Angel Larrañaga 'Larrañaga'

10 bat urterekin Etxezakortak ireki zidan barrenean zerbait, eta 18 urterekin halako zirrara berezi bat eman zidan Lajak. 20 urterekin soinu jotzaile izugarria zen. Pertsona bezala, berriz, asko zekien festan publikoa irakurtzen eta eramaten. Jendearen gustua egiten aparta zen. Horrela gogoratuko dut beti Laja.

 Marijose Arregi, Bizkargi Musika Eskolako zuzendaria

Trikitilari bezain pertsona ona, umila eta oso hurbilekoa zen Laja. Haren bizitzan, isiltasunak ez zuen lekurik izan. Etxean ez zen musikarik falta, eta hori baliagarria izan zen seme-alabei musika grina pizteko.

Azkoitian eta inguruan kalez kale, festarik festa Landakanda alboan zuela edota beste hainbat trikitilari edota dultzainerorekin ere, barrez-barrez ibiltzen zen. Erreferentziazko trikitilaria, askok izendatzen duten bezala: trikiti molde klasikoaren eta berritzailearen arteko «zubia».

 

Otsaileko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide