Idoia Urangak zuzentzen duen 'Go!azen' antzezlana taularatuko dute otsailaren 23an, Baztartxon

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 9a, 12:48
Idoia Uranga zuzendaria eta 'Go!azen 5.0' antzezlaneko aktoreak.

Otsailaren 23an, 'Go!azen 5.0' ikuskizuna eskainiko dute Baztartxo Antzokian. Pausokak ekoiztutako antzezlana da, eta Idoia Uranga azkoitiarra da zuzendaria. 5 urtetik gorako haur eta gaztetxoei zuzendutako obra da, ETB1eko telesailaren antzerkirako obra berria. Zuri, Ander, Julen, Eli, Markel eta Amaia arituko dira Basakabiko abenturak kontatzen.

Bi emanaldi izango dira Baztartxon otsailaren 23an: 17:00etan eta 19:00etan. Sarrerak otsailaren 18an jarriko dituzte saltzen, Baztartxoko leihatilan, 18:00etatik 19:30era. Sarrerak agortzen ez badira, otsailaren 19tik aurrera udaletxeko kultura sailean egongo dira salgai. Udalak jakinarazi duenez, sarrerak zenbakituak izango dira. Maxixatzeneko bazkideek, berriz, bi sarrera doan eskuratzeko aukera dute zozketan parte hartuz gero.

 

Idoia Uranga, antzezlaneko zuzendaria

'Goenkale'-ko Beatriz bezala egin zen ezaguna Idoia Uranga (Azkoitia, 1972). Hainbat telesaiotan aritu ondoren, 'Go!azen 5.0'-eko aktoreen zuzendari lanetan ari da gaur egun. 2018ko ekainetik abuztura bitartean grabatu zuen: Donostian, Usurbilen eta Azpeitian. Grabaketa horiek amaitu ostean, irailean, 'Go!azen' antzerkia zuzentzen jarri zen buru-belarri. Antzezlanaren gidoia, telesaileko edukien ildotik bideratzeaz arduratu da. Urangak Maxixatzeni azaldu dionez, gidoian, bereziki, mezu didaktikoak jasotzen ahalegindu da, gaztetxoek antzerkiarekin «ondo pasatzeaz gain».

Erritmoz eta kolorez betetako musikal bat dela dio Urangak: «Eserlekuan ipurdia dantzan astintzeko modukoa eta, bide batez, baita burmuina ere. Finean, aniztasuna, homosexualitatea, bullying, birziklapena, elkarrekiko errespetua eta elkar laguntza azaleratu nahi izan dut. 16 urteko seme bat eta 13 urteko alaba bat ditut, eta horrek zer ikusi handia izan du proiektu honetan».

Lantalde «ezin hobea» eduki duela gaineratu du proiektua aurrera eramateko. «Aktore gazteak eta diziplinatuak: Ainhoa Larrañaga Eli, Iker Villa Ander, Maria Redondo Zuri, Itziar Urretabizkaia Amaia, Beñat Iturbe Julen eta Asier Burgete Markel. Karlis Ngema koreografo ezaguna, jantzitegian Silvia maitea, Gluglu produkzioko Toño arduratsua eta Pausoka Entertaimenten lantaldea».

Egunero, asteburuak barne, zortzi orduko entseguak egin dituzte. «Oso intentsua! Ezinbestean, bigarren familia bat osatzeraino», gaineratu du. Orain, apirilaren bukaerara arte, Euskal Herriko hainbat agertokitan biran dabiltza. Eta Azkoitian otsailaren 23an izango diren bi emanaldietarako urduri dagoela onartu du. «Etxean jokatzea zaila da beti!», azaldu du.

Zuzendari izateak hainbat buruhauste dituela azpimarratu du Urangak: «Gidoia, antzezpena, argiztapena, atrezzoa, ahotsak, musika... Detaile guztiak zaindu behar dira. Garrantzitsuena, ordea, lanean hasi aurretik zuzendariok zer egin nahi dugun argi izatea da. Bai aktoreek, bai teknikoek eman dezaketen onena lortzea da nire lana, zorrotza naizen fama irabazi arren [barrez]».

2017ko abenduan Go!azen antzerki ikuskizunaren estreinaldia izan zen Azpeitiko Soreasun antzokian:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide