'Korosagasti', labean

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 4a, 09:23
Azkoitiko Alejandro tabernan grabatu dituzte 'Korosagasti' filmeko zenbait sekuentzia.

'Korosagasti' filma grabatzen ari da ia ehun laguneko lantaldea; tartean dira hainbat azkoitiar. Asier Sustaeta azpeitiarra da zuzendaria, eta talde teknikoan dabiltza Itziar Elias, Saioa Murua eta Arantxa Areizaga azkoitiarrak, besteak beste. Horiekin guztiekin izan da Maxixatzen.

 

Asier Sustaeta, zuzendari nagusia

Erabaki produkzioak taldeko kidea da Asier Sustaeta, eta Korosagasti film luzea grabatzen ari da orain, ia ehun laguneko lantaldearekin. Gidoia berak idatzi du, eta bera da filmaren zuzendari nagusia.

Korosagasti baserrian zer gertatu zen esatea «zaila» dela dio Asier Sustaeta Zabala zuzendariak (Azpeitia, 1979). Urte asko dira gertaerak pasatu zirenetik, eta hura ezagutu zuen inor ez da bizi. Bestalde, paper ofizial guztiak uholde batzuetan galdu ziren, eta, Sustaetaren iritziz, ahoz ahokoak bertsio eta kontu ilun ugari gehitu dizkie benetako gertaerei.

 

«Gidoian ezer asmatu beharrik ez da izan istorio sinesgaitz hau osatzeko»

 

Ez dute uste jasotako informazio guztia filmean azaltzea beharrezkoa denik istorioa kontatzeko. «Galbahe bat pasatu genuen, eta puntu garrantzitsuenak jaso ditugu gidoian. Ezer asmatu beharrik ez da izan istorio sinesgaitz hau osatzeko. Hilketen bezperako egunetik hasi eta hainbat urteren ondoren bukatuko da filma, baina mami handiena ikerketa judizialean eta galdeketetan dago. Aitona-amonek tarteka kontatzen zituzten istorioetakoa da hau, eta askori gogorarazi dizkio oroitzapen zaharrak. Dakiguna da ama-alabak erailda azaldu zirela baserri atarian eta gorpuak Tolosan lanean zebilen beste ahizpak aurkitu zituela. Garai hartan hiru egunkari nagusi ziren Gipuzkoan, eta horiek idatzi zituzten kronika guztiak irakurri ditut. Datu pila bat jaso izan dut horren guztiaren inguruan», azaldu du Sustaetak.

Sustaetak aspalditik zuen Korosagastiko istorioaren berri. 2016ko apiril aldera, ordea, sarean nabigatzen zebilela, salgai zegoen 1926. urteko egunkari batekin egin zuen topo: «Egunkariaren titularrak honela zioen: ‘Estos son los asesinos del crimen de Beizama’, eta azpian gertakarietako protagonisten argazkiak ageri ziren. Hura izan zen lan honekin hasteko benetako akuilukada».

 

«Talde lanean modu ez-profesionalean film bat ekoiztea da erronka nagusia»

 

Filmagintza du gustuko Sustaetak, eta nabari zaio saltsa horretan gozatzen duela. «Film hau egitea benetako erronka da gure talde xumearentzat. Istorioa bera ezagutaraztea eta lagunarte ederra egitea, ez dut beste asmorik», azpimarratu du.

Hasierako hiru-lau hilabeteak dokumentazio lan hutsa izan ziren. Hemeroteka digitalei esker, garai hartako prentsa guztia eskuratu ahal izan zuen, eta ehunka artikulu irakurri zituen, kronika oso eta zuzen bat osatzeko asmoz. Jasotako datu pilarekin garbi ikusi zuten istorioak «mami handia» zuela. Komunikabideetan deialdia zabaldu, eta lagun taldea osatu zuten. Guztira, ia 60 antzezle eta 30 bat lagun daude talde teknikoan eta ekoizpenean.

«Talde lanean modu ez-profesionalean film bat ekoiztea da erronka nagusia; elkarrekin dugun ezagutza partekatu eta, bide batez, etorkizunerako haziak ereitea», azpimarratu du Sustaetak.

Zuzendari baten lana istorio bat paperetik irudietara eramatea da, eta, alor ezberdinetako zuzendariekin elkarlanean, irudi, giro, estetika eta acting egokia sortzea, film erakargarri bat lortzeko. «Normalean, ordea, gurea bezalako proiektuetan zuzendariak ez du hori bakarrik egiten. Ni neu ekoizle buru ere ari naiz, eta lan horrek buruko min handiagoa ematen du», gaineratu du. «Lantaldean oro har oso giro onean ari gara lanean. Eta hori ez da erraza, kontuan izanda grabazio gehienak gaueko ordu txikietan amaitu ditugula, hotzak akabatzen. Guztiok gaude helburu berarekin, eta, inplikazio maila ezberdina izan arren, elkarlana positiboa da».

Pelikula grabatzeko gauzarik zailena «egutegia egokitzea» dela dio Sustaetak. «Amateurtasunetik jarduteak hori dakar, beste gauza batzuen artean. Guztiok lan egiten dugu beste zerbaitetan, eta denbora libre apur horretan egutegia osatzea ia miraria da. Zenbait sekuentziatan, bederatzi antzezle eta talde teknikoko sei lagun behar dira; hamabost pertsonaren agendak bat egitea ez da batere erraza. Halere, lantalde osoari eskerrak eman nahi dizkiot: hemezortzi egun daramatzagu dagoeneko grabatzen, eta ahalegin handia ari dira egiten».

Korosagasti pantaila handian ikusterako, gutxienez 2019 bukaera izango da, aurreikusten dutenez. Grabaketak otsailerako amaitu nahi dituzte, baina eguraldiaren arabera izango da gehienbat. Oraingoz, erdia baino zertxobait gehiago grabatu dute, eta emaitzarekin «oso gustura» geratzen ari dela dio Sustaetak. «Beti dago zer hobetua alor guztietan, baina, ditugun medioak eta aurrekontua ikusita, emaitza oso positiboa da. Sentsazio oso onekin ari naiz gelditzen».

Korosagasti ez da euskara hutsean izango. «Tamalez, gaur egun bezala, 1926. urtean ere erakundeetan gaztelania zen nagusi, eta gu alde horretatik leialak izan gara. Horregatik, euskaldunak euskaraz mintzatuko dira, eta erdaldunak erdaraz», azaldu du Sustaetak.

Itziar Elias, arte zuzendaria

Antzerkigintzan egin du Itziar Elias Uriak (Azkoitia, 1980) bere ibilbide profesionala. Antzerki munduak duen «prekaritate modu horrek» denetik ikastera eraman duela dio. Bere lanak izan diren Eskutitzak eta Biziminak antzezlanetako atrezzo lanak berak egin zituen. June film laburrean ere parte hartu zuen. Ondoren, Madrileko zuzendari batekin dokumental bat grabatu zuen, eta horren zati batean arte zuzendaria izan zen. Eta Eliasen hirugarren lana izango da Korosagasti: «Aurreneko aldiz egingo dut film luze bat, ardura handi xamarrarekin, baina aldi berean oso gustura nago, herri mailan lanerako aukera eman didatelako. Probatzeko eta esperientzia hartzeko balio dit».

 

«Lan handia dago atzetik, ikuslea XX. mendera bidaiatzera eramateko»

 

Atrezzo eta arte zuzendari lanetan parte hartzen ari da Korosagasti filmean. Azpeitiko Erabaki produkzioak ekoitzitako lana da, eta taldekideak lehenagotik ezagutzen zituen, haiekin aktore moduan lan egin izan duelako. «Proiektua aurkeztu zidatenean, esperientzia bezala aberasgarria izango zela iruditu zitzaidan, eta modu egoki bat film luze batean sartzeko. Gainera, herri mailan izanda, errazagoa egiten zitzaidan. Niretzat oso ederra izaten ari da nire lehen luzea babestuta sentitzen nintzen leku batean egitea».

Eliasen zeregin nagusia Korosagasti grabatzeko lekua egokitzea eta atontzea da, eta, horrez gain, behar den materiala eskura jartzea. «1926. urtean girotuta dago Korosagasti filma, eta, beraz, gelak ondo atondu behar dira grabaketak hasi aurretik, garai hartako itxura emanez. Internetek gauza asko errazten dizkigu garai hartako irudiak topatzeko. Azoka txikietan eta etxeko ganbaran zer dagoen ikusita eta mesede pilo bat eskatuta, material mordoa lortzen da. Horrez gain, kolorea zaintzea oso garrantzitsua da. Koloreek asko nahi dute esan: hasieratik bukaerara, koloreak zerbait kontatzen digu pelikula batean. Zorionez, talde mundiala da, eta asko laguntzen didate. Denek zikintzen dituzte eskuak, nahiz eta beste zeregin batzuetan ere aritu. Talde lanean aritzen gara, eta oso babestuta sentitzen naiz».

Balorazio ona egiten du Eliasek orain arte grabatu dutenaz. Ezustekoak ere asko izan dituztela gaineratu du. «1926ko materiala topatzea eta dena lehen bezala izatea ez da erraza. Oso proiektu zaila zen hasieratik. Zein garaitan kokatzen zen ikusita, horrek nire lanarekin zailtasun handia zuen. Gaur egungo pelikula bat grabatuko bagenu, lan erdia edukiko nuke. Garai hartan ez zegoen entxuferik… dena zen ezberdina. Lan handia dago atzetik, ikuslea garai haietara bidaiatzera eramateko».

 

«Hollywoodeko filmetan ikusten direnak hain hurbil gertatu izanak hotzikara ematen du»

 

Eliasek dioenez, ezustekoak ia beste pelikula bat grabatzeko lain eduki dituzte: «Denetik pasatu zaigu. Hala ere, balorazioa oso ona da, itxura polita hartzen ari da. Ondo ari garen sentsazioa dut. Esperientzia hau bizitzeko aukera izatea gozamena da, talde lan on batean eta lagunarteko giroan sortzen ari den pelikula delako. Asko ikasten eta gozatzen ari naiz».

Atrezzoko lanean, muntatzea baino gogorragoa izaten da askotan desmuntatzea, eta sarritan hori egokitzen zaie. «Zorionez, Esklabak hor ditugu, eta hor lan handia egin dugu. Aukera eman digu egun batean muntatu beharrean pixkanaka muntatzeko. Politena, berriz, hasierako bidaia da: atrezzo bilaketa… Hor asko gozatzen dut».

Korosagasti-n gertatutakoaren berri ez zuen Eliasek; Asier Sustaeta zuzendariak kontatu zion aurreneko aldiz hango berri. «Oso istorio interesgarria iruditzen zait. Thriller bat da. Beti Hollywoodeko filmetan ikusten ditugu horrelakoak, eta hain gertu gertatu izanak ematen du hotzikara pixka bat. Konturatu naiz adineko jendearengan nolako putzua utzi duen gertatu zenak. Askok galdetzen didate: ‘Eta argituko al duzue nor izan zen hiltzailea? Bizi osoa daramagu istorioa entzuten, eta ez dugu inoiz ziur jakin’. Bukaerarik eman gabeko gertaera bat izan zen, eta horrek gaur egun ere putzua du eta hor mantentzen da. Ez dakit adineko jendea gustura geldituko den emaitzarekin, denek argitzea nahi dutelako, eta ez dakit argitasun hori emango diogun istorioari. Hor utziko dut: emaitza ikusleak balora dezala».

Arantxa Areizaga, irudi taldeko kidea

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Madrileko Unibertsitate Konplutentsean Arantxa Areizaga Ugartemendiak (Azkoitia, 1995). Lehenengo aldia da film luze baten grabaketan parte hartzen duena. Ia inor ezagutu gabe aurkeztu zen deialdira. Script lanetan parte hartu du Korosagasti filmean. «Justuko aurrekontua dagoenean, polibalenteak izan behar dugu. Script postua oinarrizkoa da ikus-entzunezko proiektu batean. Script-a filmaren jarraipenaz arduratzen da, bisualki batez ere: objektuen kokapena, janzkera, kameraren tenperatura eta abar. Gurea 1926an gertatutako istorio bat da, eta adi egon behar dugu egungo modernitateak planoan ez azaltzeko», gaineratu du Areizagak.

 

«Sortzea gauzarik ederrena da barruko korapilo txarrak kanporatzeko»

 

«Proiektu honetan parte hartzera animatu naiz sortzea ezinbestekoa delako nire bizitzan. Sortzea, bizitzaren zentzu guztietan, dagoen gauzarik ederrena da: barruko korapilo txarrak kanporatzeko bidea da niretzat. Zinema gehiago da sormen forma bat, ia dena posible den lekua. Ederra da muga zabalekin lan egitea. Esperientzia oso positiboa ari da izaten. Esklabetara 19:00etan sartu, eta 02:00etara arte hantxe egon izan gara lanean. Zure interes berak dituen jendearekin hainbeste ordu partekatzeak energia positibo handia ematen dizu. Talentu asko dago taldean; asko pozten naiz haiekin topo egin izanaz. Batez ere, konturatu naiz garrantzitsua dela zure sektoreko pertsonekin bat egin eta zerbait sortzea, bakoitzak bere bidea egiten duen heinean. Horrek indartsuago egiten gaitu», azaldu du.

Saioa Murua, irudi eta ekoizpen taldeko kidea

Ekoizpen eta irudi taldean buru-belarri dabil Saioa Murua Caballero (Azkoitia, 1996). Batez ere,script lana egiten du filmean, baina tarteka ekoizpen taldean ere laguntzen du. Haren ardura nagusia da sekuentzia, toma eta plano bakoitzean gertatzen den guztiaren berri jasotzea, gero raccord arazoak ekiditeko eta edizioa errazteko.

 

«Ordu txikitan grabatzeak asko lotu du taldea»

 

«Hasierako prozesua zaila izan zen niretzat; asko dakien jendeaz inguratuta egoteak oso urduri jartzen nau. Baina gero eta gusturago sentitzen naiz lantaldean; ordu txikitan grabatzeak taldea asko lotu du. Gainera, gazte asko gaude, eta horrek asko laguntzen du giroan. Asko interesatu izan zait beti zinema mundua, eta banuen horretan jarduteko gogoa. Aukera ederra da Korosagasti mundu horretara gerturatzeko. Nire lehen film luzea da, eta esperientzia oso aberasgarria izaten ari da», azaldu du Muruak.

 

Lantaldea:

Gidoi taldea: Miren Gorrotxategi, Alaitz Olaizola eta Asier Sustaeta.

Irudi zuzendaritza: Oihan Amezua.

Irudi taldea: Yuri Agirre, Erik Aznal, Oier Arregi, Irati Uzkudun, Arantxa Areizaga, Aitor Plazaola eta Nora Alberdi.

Aktore zuzendaritza: Idoia Uranga eta Asier Sustaeta.

Arte zuzendaritza: Itziar Elias.

Zuzendaritza: Asier sustaeta.

Audio taldea: Ibon Guerra, Iratz Uranga eta Fabio Morenas.

Ekoizpen taldea: Netzer Bereziartua, Kepa Urbieta, Joseba Fuentes eta Saioa Murua.

Jantzien arduraduna eta estilista: Xanti Alkorta.

Aktore azkoitiarrak: Alberto Agirrebeña, Gaizka Astigarraga, Aitor Plazaola, Ina Juaristi, Eneko Agirre, Jexus Mari Oteiza, Jon Antsorregi, Jose Cruz Gurrutxaga eta Koldo Campos.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide