Udalak hamar urterako hitzarmena sinatu du Ur Kontsortzioarekin

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 5a, 15:29
Olatz Peon Ur Kontsortzioaren presidentea eta Javier Zubizarreta alkatea. / Azkoitiko Udala.

Akordioaren arabera, Ur Kontsortzioak Azkoitian 1.281.980 euro inbertituko ditu hobekuntzetan.

Udalak Ur Kontsortzioarekin hitzarmena berritu du datozen hamar urtetarako, beraz, Gipuzkoako Urak S.A. erakundea arduratuko da aurrerantzean ere uraren kudeaketa integralaz. Aurreko hitzarmena, 2008ko urrian sinatu zen eta hura amaitzearekin batera, alde biek berriro hitzarmena adostu behar izan dute. 

Hitzarmena gaur, asteartea, sinatu dute udaletxean Javier Zubizarreta alkateak eta Ur Kontsortzioaren presidentea den Olatz Peonek.

Akordioan jasotzen denez, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak 1.281.980 euro inbertituko ditu Azkoitian hobekuntzetan kontratua indarrean dagoen urteetan. Azpiegiturak hobetzeko bideratuko dira inbertsioak. Besteak beste, Santa Klarako kolektorea finantzatuko du eta Txalon Errekako eta Altamirako hainbat esku hartze.

Bere aldetik, Udala Ur Kontsortzioak finkatutako ur tarifetara egokituko da bienak parekatuz. Aurreko hitzarmena sinatu zenean 2008an, bi erakundeen arteko tarifen artean ezberdintasuna nabarmena zen, eta Udalak, gutxika eta modu progresiboan, parekatzen joateko konpromisoa hartu zuen. Horixe egin da azken urteotan, eta berdintzera iritsiko dira aurten.

Hala nola, akordioa berritzeari esker Udalak 738.000 euro jasoko ditu Ur Kontsortzioaren eskutik. Gipuzkoako Urakek kontsumoen eta inbertsioen aurreikuspena egiten du formula edo kalkulu batzuen arabera, eta Udalari aipatutako kopuru hori ematea dagokio. Horrek ere eragina izan du 2019ko Udalaren aurrekontu orokorretan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide