«Dendariak herriko nukleo garrantzitsua dira, eta lagundu ezean galdu egingo ditugu»

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 14a, 10:54
Beatriz Pozo eta Amaia Andreu.

Amaia Andreu Arizmendi (Azkoitia, 1967) eta Beatriz Pozo Martin (Azkoitia, 1966) herriko bi dendari dira. Amaia Andreuk duela bost urte ireki zuen Karan denda, baina, hainbat arrazoi tarteko, ixtea erabaki du. Beatriz Pozok, berriz, 25 urte inguru daramatza dekorazio munduan, eta bere dekorazio denda martxan jarri berri du. Herriko merkataritza nola dagoen azaldu digute Andreuk eta Pozok.

Zenbat urte daramatzazue denda munduan?

Amaia Andreu: 20 urterekin hasi nintzen. 31 urte daramatzat Azkoitiko hainbat dendatan lanean: Baita dendan, Martin Zahar dendan, Lorea haurrentzako arropa dendan eta okindegi batean aritu izan naiz. 2013ko irailaren 2an Karan haurrentzako arropa denda ireki nuen, eta hasieratik izan dut alboan Beatriz Pozo; beti izan dut haren babesa, eta erakusleihoetan lortutako sariak hari esker izan dira.

Erakusleihoen inguruko ikastaro bat ere egin zenuten 2018an.

Beatriz Pozo: 2018ko otsailean hasi genuen ikastaroa, Gabonetako erakusleihoa egiteko helburuarekin. Hasierako asmoa zen bakoitzak bere erakusleihoa nolakoa zen aztertzea eta gehiago ezagutzea. Irailean hasi ginen erakusleihoak prestatzen eta irudikatu nahi genuen hori egiten. Aipatu beharra dago aurten oso erakusleiho ederrak eta landuak izan direla.

Amaia: Karanek irabazi dituen erakusleiho sariak diru kopuru txiki batekin eginak izan dira. Oso sortzaile ona da Beatriz, eta emaitza apartak lortu ditugu: 2014an lehiaketa irabazi genuen, 2016an erakusleiho handien saria jaso genuen, eta azken bi urteetan lehen saria eta herritarren saria irabazi ditugu. Irabazi genuenean, sentsazio gazi-gozoa izan nuen, azarorako erabakita baineukan denda itxiko nuela.

Zerk eraman zaituzte Karan denda ixtera?

Amaia: Hilabete osoa lanean pasatu, gauzak egin behar diren moduan egin, eta ekonomikoki ez da emaitzarik jasotzen. Etxeko dirua erabiltzen hasten zara, eta hori ezin da. Asko gustatzen zait mundu hau, eta birplanteatu beharra izan dut.

Beatriz: Soldatarik ez bada eramaten etxera, zer ari naiz egiten? Lantegi batean lan egiten duenak etxera soldata eraman eta etxeko arazoei aurre egin beharko die. Dendariek, ordea, lan egin, dirurik irabazi ez, eta etxera joandakoan arazoak izaten dituzte.

Zer-nolako zailtasunak dituzte dendariek?

Amaia: Interneten aurka ezin dugu ezer egin. Gainera, beldurtzeko moduko zergak ditugu, eta, nahiz eta saldu, ez dugu lortzen soldata duin bat.

Beatriz: Uraren eta zaborraren zergak ikaragarriak dira, eta horri argia gehitu behar zaio. Gero entzun behar izaten dugu Azkoitiko dendetan hotz egiten duela.

Amaia: Dendariarenganako errespetua ere galdu da. Gutxi dira, baina batzuk dendara etorri, arropa ikusi, etxera eraman eta berriz itzuli egiten dute. Hori ondo dago, baina handik egun batzuetara zure dendan zegoen arropa Internet bidez erosi dutela ikusten duzu. Diru gutxiago gastatuta gauza gehiago erosi nahi ditu gaur egungo bezeroak. Balioak galdu dira, eta horrek min egiten du.

Gabezia handiena non sumatzen duzue?

Amaia: Babes falta daukagu, eta askotan bakarrik sentitzen gara; kili-kolo gaude. Ez diot inori errurik bota nahi, baina Udalak erakusleiho sarien banaketan esan zuen hor egongo direla. Dendariek, ordea, dirua behar dute; kalera jaitsi eta laguntzea. Dendariak herriko nukleo garrantzitsua dira, eta lagundu ezean galdu egingo ditugu. Ez dakit hemendik zenbat urtera, baina oso gogorra izango da herriko merkataritzaren galera.

Zein da herritarrek herrian kontsumitzeko bidea?

Beatriz: Dendara sartzen den herritarrak ezagutu egiten du dendaria, eta sartzen den horrek zerbait erosteko beharra edo konpromisoa sentitzen du. Internetetik, berriz, ez dago hori…

Amaia: Dendara sartzean ez dago konpromisorik, eta hori da herritarrari ezabatu behar dioguna. Gu ez gara haserretzen erosten ez duenarekin. Dendetan mugimendua behar da.

Otsaileko aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide