Marta Iraeta: «Bizitza ez dut musikarik gabe ulertzen»

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 17a, 11:00
Marta Iraeta.

Marta Iraeta Blazquez (Azkoitia, 1972) RTVE komunikabideko kazetaria da Madrilen (Espainia). Bi umeren ama da, eta ‘Amordiscos’ saio musikala zuzentzen du. Txikitan beste amets batzuk zituen arren, hogei urte baino gehiago daramatza Iraetak komunikazio munduan. Informazio Zientzien ikasketak egin zituen aurrena Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta RNE irratiaren masterra ondoren. Bere kazetaritza lanari buruz hitz egin du Iraetak Maxixatzenekin.

Kazetaritza ikasketak egin dituzu?

Bai, Informazioaren Zientziak ikasi nituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta, gero, RNEren masterra atera nuen.

Irrati esataria zara. Nola iritsi zinen irratiko estudiora?

Betidanik gustatu izan zait irratia, eta batez ere irrati musikala. Unibertsitatean praktikak egin nituen, baina RNEren masterrak zabaldu zizkidan ateak; irrati antzerkiko irakasle ikaragarri onak zeuden.

‘Amordiscos’ saioa zuzentzen duzu. Zer motatako irratsaioa da?

Musika da Amordiscos-en ildo nagusia, eraikin batean adreiluak bezalaxe; batzuetan, istorio bat eraikitzeko balio du, eta besteetan, berriz, gozagarri hutsa da. Saioa ez dago genero edo estilo jakin bati mugatuta. Nahi dudan esparruan “hozka” jarduteko balio dit. Erabateko askatasuna daukat, eta horrek ez dauka preziorik.

Nondik datorkizu musikarako lotura? Musikazalea zara?

Bizitza ez dut musikarik gabe ulertzen, eta betitik izan da horrela. Musikak gozarazi egiten zaitu, asaldatu, sendatu, lagundu, aireratu… bakarrik nahiz konpainian, zeure logelan edo kontzertu areto batean, forma eta kolore guztietan. Umetan, gitarra eta piano eskolak hartu nituen Azkoitian. Gitarra neure kasa ikasi nuen, akordeekin eta askatasun osoz. Gogoan daukat nola inolako konplexurik gabe ikastolara eramaten nuen kantu infernal xamarrak jotzeko, marrazki bizidunetakoak. Pianoa, bestalde, gutxi jo nuen; ederra da, baina exijenteegia. Horrez gain, oraindik ere martxan dago Atraskuan sasoi batean billarra egon zen lokalean 14-15 urte nituela nire aurrezkiekin erosi nuen Amstrad katea; azkeneko aldiz, joan diren Gabon hauetan jarri zuten, Fideon grabatu zidaten Sam Cooke-ren kasete batekin.

Horretaz aparte, uste dut pribilegioa izan zela Azkoitian jaiotzea, tabernetan musika oso ona entzuten baitzen beti. Madrilera joan nintzenean, artean ere talde batzuk deskubritzen nituen Azkoitian, eta haietako batzuk Madrilen jo izan zuten gerora.

Zein da zure eguneroko lana eta lan egiteko modua?

Egunaren arabera izaten da. Amordiscos egiteaz gain, Radio 3en webgunean ere lan egiten dut. Egun batzuetan gehiago ibiltzen naiz kantuak eta gai berriak aukeratzen, eta beste batzuetan webgunearen alderdi teknikoagoetan sakontzen dut. Eta beste zenbaitetan, kontu horietan ez ezik, Radio 3ek egiten dituen irrati antzerkiko entseguetan lan egiten dut.

Zeri ematen diozu garrantzia lanean?

Oso-oso garrantzitsua da lana suspergarri eta ikasbide izatea. Berdin dio zer lan egiten duzun: egunero zeozer ikasten baduzu, merezi du.

Urola bailarako musikari buruz aritu zinen behin irratian, eta bereziki Azkoitikoari buruz. Nolatan?

Nire ustez, egundoko kalitatea dauka: talentu handia dago, eta merezi zuen agerian jartzea. Nire anaia Iñigo Azkoiti eta Zarautz artean bizi da, eta hark ematen dit nobedade guztien eta talde handien berri; nik baino dezente gehiago daki, irratian lan egiten ez badu ere.

Azkoitian izan nintzenean, esan zidaten Matadeixe zaharberritu dutela eta primeran dagoela. Uste dut sekulako programazioa daukala herri baterako; oso gutxitan joaten naiz, baina izugarri gustatuko litzaidake kontzertu on bat ikusi ahal izatea. Eta aipatu didate Kontrako Eztarrixe ere, handik bertatik emititzen duten irratia; zoragarria da hori.

 

«Musika da 'Amordiscos'-en ildo nagusia, eraikin batean adreiluak bezalaxe»

Oro har, zein motatako musika izaten duzu hizpide irratian?

Espektro zabal-zabala daukat, eta oso aberasgarria iruditzen zait hori, gainera. Horregatik, Amordiscos -ek ez du estilo jakin bat. Hara eta hona ibiltzea gustatzen zait: Pixies, Tom Petty, Camaron, Nina Simone eta abar; edo nobedadeak, Protomartyr, JD McPherson…; edo, zer dakit nik, Deloreanek Mikel Laboari egindako omenaldia… Zeinekin geratzen zara zu? Ez dago bat edo beste aukeratu beharrik.

‘Amordiscos’ saioak zer du ona beste saioekin alderatuta? Eta zer ekarri nahiko zenuke beste saioetatik zure programara?

Asko gustatuko litzaidake hala nola Juan de Pablos, Diego RJ eta Carlos Galilearen maisutasuna, jakituria eta gaitasuna edukitzea, ederra litzateke benetan. Zer daukan Amordiscos-ek besteek baino hobea? Ez dakit, beharbada ustekabea, zer datorkizun ez jakite hori.

Urte hauetatik guztietatik, zein da oroitzen duzun unerik onena? Eta txarrena?

Oroitzapen onenak pertsonekin du zerikusia, pertsonen arteko tratuarekin; esaterako, oroitzapen oso onak ditut Radio Exterior-en pasatutako urteez –RNEren nazioarteko emanaldiak ziren–. Eta oroitzapen txarrenak ere pertsonekin dauka zerikusia, baina pertsona maltzurrekin. Giza harremanak guk uste baino garrantzitsuagoak dira: enpatia, umorearen sena, gutxien espero duzunean egiten dituzun barreak. Horrela bai, horrela gogotsu joaten zara lanera.

Genero asko landu behar izaten ditu kazetariak. Elkarrizketa ahaztezin bat aipatzekotan, zein esango zenuke?

Gehien markatu ninduten hizketaldiak hasierakoak izan ziren. RNEko Siete días zeneko erreportaje saio batean lan egiten nuen, eta bereziki gogoan dauzkat Federico Garcia Lorcaren Errepublika garaiko La Barraca antzerki ibiltarian jardundako pertsonak. Saio hartan, beste kasta bateko jendea elkarrizketatu nuen, bizimodu zirraragarria izan zuena; gogor egiten zuten ikasle garaian mugiarazi zituzten idealen alde, eta benetan indargarria izan zen.

 

«Pribilegioa izan zen Azkoitian jaiotzea, tabernetan musika oso ona entzuten baitzen beti»

Groupie moduan, zur eta lur gelditu nintzen Samuel L. Jacksoni zinema saio baterako egin nion elkarrizketarekin; 40 TVren bidez egin nuen programa hura pare bat urtean, Localiarako.

Gaur egun zaren irrati esataria izatea amesten zenuen?

Ez. Txikitan idazle izan nahi nuen, eta nerabezaroan, berriz, hegazkin pilotu. Burutik jota nengoen… Eta horregatik ikasi nituen zientzia hutsak, baina garaiz egin nuen atzera –eta, gainera, miopeei ez zieten lagatzen pilotu izaten–.

Ikus-entzunezkoek zailtasunak jartzen al dizkiote irrati esatari bati, edo aukera berriak irekitzen dizkiote?

Nik uste elkarren osagarri direla. Irratiak ez dauka zereginik milenialen garaiko Youtuberekin, ez, baina irratia hainbat bidetatik kontsumi daiteke, baita Youtubetik ere. Amordiscos Radio 3 Extran aditzen da, hau da, edukia sarean bakarrik dago, ez da FM emanaldi bat. Kontsumitzeko modu berri bati erantzuten dio. AEBetan, online irratsaioak puri-purian daude. Erraza da: mugitzeko aukera ematen dizu, eta zerorrek aukeratu duzun irratia entzun dezakezu; inork ez du zure partez aukeratzen.

Musikari ezagun asko ezagutzeko eta elkarrizketatzeko aukera izan duzu. Bat aukeratzekotan, nor aukeratuko zenuke? Zergatik?

Ez dakit. Gecko Turner, esate baterako, ezin jatorragoa da; ni eta zu bezalako norbait, bizimodua atera behar duena eta horretarako lanak dituena. Ia inor ezin da musikatik bizi, eta mirestekoa da hainbeste urtean borroka horretan segitzea.

«Egunero zerbait berria ikastea gustatzen zait gehiena»

Kazetari gehienok izan dugu erreferente bat. Nor da zurea?

Radio Exterior-eko nire nagusi ohia, Eduardo Moyano, nire gertuko lankideak, Diego RJ, Juan de Pablos, SER-eko Sara Vitores, TVEko Eva Lluna… Gertuen dauzkadan horiengandik ikasten dut.

Ez da gauza bera telebistan edo irratian lan egitea. Aurpegiagatik edo ahotsagatik ezagutzen zaituzte kalean?

Gehiago ezagutzen zaituzte telebistan ateratzen bazara, bistan da. Ahotsak, ordea, badu halako misterio bat irudimena elikatzen duena: zeuk ematen diozu itxura zeuri bakarrik hitz egiten dizun pertsona horri, eta hori magikoa iruditzen zait oraindik ere.

Sekula probatu al duzu telebista mundua?

Bi urtez lan egin nuen 40 TVn zinema saio bat zuzentzen, Localiarako ekoizle gisa, eta mundial pasatu nuen. Irratiko lan etenaldietako bat izan zen, eta, zorionez, ni hautatu ninduten. Asko ikasi nuen Cristina Yunquera errealizadorearekin; lotura oso berezia neukan harekin, barre asko egiten genuen elkarrekin. Ez zen plan txarra: pelikula bat etortzen zen goizean, elkarrizketak egiten nizkien aktore eta errealizadoreei, eta arratsaldez prestatzen nuen. Oso ondo pasatzen nuen. Gero, irratira bueltatu nintzen atzera, beste aukera bat eman zidatelako, baina ez dut uste hautatu egin behar izan nuenik; zetorkidan horretara moldatu nintzen.

Asko aldatu al da kazetaritza egiteko modua?

Bai, asko. Orain, informazio guztia bertatik bertara daukazu, Interneten. Zeure irizpidea eta zehaztasuna landu behar dituzu, dena eskura daukazulako, teorian, baina hori espejismoa izan daiteke. Sare sozialak bi ahoko arma dira, eta errealitatea desitxura dezakete. Hortxe dago erronka.

Zerk du garrantzi handiena gaur egun hedabideetan?

Sinesgarritasuna ematen duen ahots propioa izateak.

 

«Sare sozialak bi ahoko arma dira, eta errealitatea desitxura dezakete»

Audientziari begira bizi zarete? Horrek asko baldintzatzen al du eguneroko jarduna?

Ez du eragin negatiborik, irrati komertzialetan ez bezala. Irrati publiko baterako lan egiten dut, eta zerbitzu publikoaren irizpideei jarraitzen diet; beti izan da horrela, hala informazioari dagokionez nola eduki kulturalei dagokienez. Kalitatea eta zorroztasuna zaindu behar dira, bai zeuregatik, bai entzuten zaituztenengatik. Guztientzako eta kalitatezko irrati-telebista publiko baten alde nago ni.

Zer da lanetik gutxien gustatzen zaizuna? Eta gustukoen duzuna?

Egunero zerbait berria ikastea gustatzen zait gehiena. Txorakeria ematen du, baina oso estimulatzailea da. Txarrena da egunero joan behar duzula lanera, nahiz eta hondartzara bainua hartzera joateko gogoz egon.

Zein albistek txunditu zaitu gehien?

Pentsatzen jarrita, ez da oso gauza positiboa. Niretzat, dramatikoa da indarkeria matxistari dagokionez lortu den guztia dudan jartze hori. Sare sozialetako eztabaida kezkatzeko modukoa da, eta gizarte osoak erantzun irmo bat eman behar dio.

 

«Musikak ikaragarrizko ahalmen sendagarria dauka»

Azkoititik Madrilera joan zinen, herri batetik hiri handi batera. Aldaketa handia izan zen?

Aldaketa erabatekoa izan zen, ikaragarria, bolkanikoa, sismikoa. Nahiko latza izan zen naturarekin kontaktua galtzea, eguneroko bizimodu hurbileko hori galtzea. Etxera leher eginda ailegatzen nintzen, nigandik gertu etorkizun handirik gabeko horrenbeste jende pasatzen ikusita. Ikuspegia aldarazten dizu, eta egokitu beharra daukazu.

Zein bertute dituzu esatari gisa?

Ez dakit ba… Egoera zailetan neure buruaz barre egiteko gai naiz. Hala ere, gauza mordoa daukat hobetzeko, milioika; adibidez, memoria negargarria daukat, iragazki baten parekoa, eta oso despistatua naiz.

Irratian egun onak eta txarrak izan ohi dira, nahiz eta entzuten ari denak hori ez duen inoiz nabaritzen. Nola egiten zaie aurre egun txar horiei?

Ba, beste edozein lanbidetan bezalaxe, hau da, lasaitasunez. Berriro diot: musikak ikaragarrizko ahalmen sendagarria dauka, eta horrek asko laguntzen du.

Zure saioa antolatzeko zailtasunik izaten al duzu?

Batzuetan zail egiten da irratiko konpromisoak betetzea eta aldi berean Madrilen bi ume zaintzea. Gero, detaile txikiak ere badaude; oporretan joateko, adibidez, dena aurreikusi eta zenbait saio aurreratu behar dituzu, eta estudio orduak erregutu, oso kotizatuta daude eta.

Zer izango litzateke Marta Iraeta mikrofonorik gabe?

Ez daukat halako lotura ezinbestekorik irratiarekin edo mikrofonoarekin. Idazle edo argazkilari mundutik ere jo nezakeen, baina, hori bai, bien bitartean musika entzunez.

Irrati esatarien beharrezko “arma” da ahotsa. Nola zaintzen da?

Bada, ni txarrena naiz horretarako: ez dut inola ere zaintzen. Halere, beti ahalegintzen naiz eztarria babestuta eramaten; artilea asmakizun paregabea da.

«Urola bailarako musikak egundoko kalitatea dauka: talentu handia dago, eta merezi zuen agerian jartzea»

Zer irakatsi dizu esperientziak?

Gehiago disfrutatzen eta gutxiago sufritzen. Erlatibizatzen.

Nola ikusten duzu zeure burua hemendik urte batzuetara? Baduzu beste zerbait probatzeko gogorik edo asmorik?

Zahartuta [barrez]. Gustatuko litzaidake konstantea izatea eta erosi nuen gitarra akustiko zoragarriari probetxua ateratzea; Takamine beltz bat erosi nuen, neure buruarengan konfiantza betea jarriz, baina ez naiz horretarako gai.

Zein aholku emango zenizkioke kazetaritza ikasle edo esatari lanetan hastear den bati?

Interesatzen zaion edozein arlotan trebatzeko. Ez naiz Kazetaritza karreraren oso aldekoa. Nire iritziz, garrantzitsuagoa da zertaz ari zaren jakiten saiatzea: zientziaz, musikaz, politikaz edo beste edozein gaitaz. Eta bila dezala bere bidea, pasioz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide