Hitzaldiak eta film emanaldia, Azkoitiko Mendi Astean

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 5a, 10:11
Aleson eta OƱederra, Pyrenees Stage Run 2018 lasterketan.

Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatutako Mendi Astea gaur hasiko da. Bi hitzaldi eta film bat eskainiko dituzte antolatzaileek, gaurtik, otsailak 5, ostiralera bitartean. Guztia doan izango dela jakinarazi dute Anaitasuna Mendi Bazkunatik.

Anaitasuna Mendi Bazkunak Mendi Astea egingo du gaurtik ostiralera bitartean. Gaur, otsailak 5, Iñaki Arakistainek eta Joseba Larrañagak Nepalen izan zituzten «bizipenak» azalduko dituzte Elkargunean, 19:30ean. Larrañagak eta Arakistainek mendizale Himalaiako Rolwaling haraneko (Nepal) Drangnag-Ri mendia igo zuten iaz. 6.801 metroko piramide formako mendia da Drangnag-Ri, haitzez, elurrez eta izotzez inguratua. Gainera, mendiaren ibilbide berri bat ireki dute, zehazki, hego-mendebaldeko ertza. 'Bizipenak' izena jarri zioten ibilbideari, eta han bizitakoa eta egindakoa azalduko dute.
 
Bihar, otsailak 6, Bilbao Mendi Film Festival jaialdian epaimahaiaren saria lortu zuen The Down Wall filma eskainiko dute 20:00etan, Baztartxon. 2015eko urtarrilean, Tommy Caldwellek eta Kevin Jorgesonek erronka itzelari egin zioten aurre: Yosemiteko Parke Nazionalean (Kalifornian) dagoen The Dawn Wall eskalatzea. Eskala-ezina zirudien ia 1000 metroko hormatzarrari eutsi ziotenean, mundu osoaren arreta bereganatu zuten.
 
Tommy Caldwellentzat, ordea, The Dawn Wall eskalada baino askoz gehiago zen. Esperientzia gogorrak gainditu behar izan zituen haren bizitzan, eta lorpen hura bizitza osoan zehar jorratutako proiektuaren egikaritzea izan zen. Dedikazioaren muga obsesioarekin nahastera iritsi zen arte, Caldwell eta bere lagun Jorgesonek sei urtez antolatu eta entrenatu zuten eskalatu beharreko bidea. Azken saiakeran, eta mundu osoa haien peskizan dagoela, muturreko erabakiak hartu beharko dituzte.
 
Ikusi filmaren aurrerapen bideoa:
 
 
Ostiralean, otsailak 8, Pyrenees Stage Run 2018 lasterketari buruz hitz egingo dute Imanol Alesonek eta Ixaka Oñederrak. 'Lasterketa bat familia giroan' izenburupean, orduko bizipenak azalduko dituzte Kultur Etxean, 19:30ean. Alesonek eta Oñederrak bigarren postua lortu zuten Pyrenees Stage Run (PSR) mendi lasterketa.
 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide