Hurkoa fundazioak adineko pertsonen hauskortasun egoeraren azterketa abiatuko du

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 1a, 13:20
Maria Lopez (Ikei), Nekane Larrañaga zinegotzia, Rakel San Sebastian (Adinberri), Javier Zubizarreta alkatea, Bakarne Etxeberria (Hurkoa), Laura Gallo (Ikei) eta Iñaki Lasa Ongizate teknikaria.

Hurkoa fundazioak pertsona nagusien hauskortasunaren egoeraren azterlana aurkeztu du gaur goizean. Udaleko, Hurkoa Fundazioko, Ikei enpresako eta Adinberriko ordezkariak bertaratu dira. Azterketaren helburua da hauskortasun egoeran dauden 65 urtetik gorako herritarren bizi kalitatea hobetzea.

2017ko urrian ireki zen Azkoitiko Hurkoaren bulegoa plazan, herrian laguntza beharrean daudenei laguntzeko, eta urtebeteko ibilbidea «oso aberasgarria» izaten ari dela esanez hasi du prentsaurrekoa Javier Zubizarreta alkateak. «XXI. mendean dagoen gaitza bakarrik egotea izango dela esaten da, eta guk ziurtatu nahi dugu bakarrik daudenek inoiz ez sentitzea laguntzarik gabe. Horretarako, gaur hemen beste pauso bat emateko gaude. Azkoitian bizi diren 65 urtetik gorakoak zein egoeratan dauden eta nolako arazoak dituzten jakin nahi dugu, ondoren, behar gehien dutenei laguntzeko. Horrelakoetan indarrak batuta arrakasta izatea errazagoa da. Eta horretarako bildu gara gaur entitate ezberdinetako ordezkariak: Bakarne Etxeberria Hurkoa fundazioko Hauskortasun programaren arduraduna, Laura Gallo eta Maria Lopez azterketa egiteaz arduratuko diren Ikei aholkularitza enpresako kideak eta Rakel San Sebastian Adinberri fundazioko zuzendaria», azaldu du Zubizarretak.

Bakarne Etxeberriak azterlanaren nondik norakoak azaldu ditu. Ikerketa lanaren helburua da hauskortasun egoeran dauden adineko pertsonen egoera aztertzea. Horretarako, Azkoitian azterketa bat egingo dute, eta hauskortasun egoeran dauden adineko pertsonen argazkia atera nahi dute. Alde batetik, zenbat eta zeintzuk diren eta, beste aldetik, zeintzuk diren horien ezaugarriak aztertu nahi dute. Hauskortasun egoeran arrazoi ezberdinengatik egon daitezkeela gaineratu du. Begirada 65 urtetik gorakoetan jarri dute, bakarrik nahiz bikotearekin bizi direnak. Besteak beste, osasun arlotik jendea nola dagoen aztertu, eguneroko ekintzak egiterakoan jendeak nolako zailtasunak dituen ezagutu, arazo ekonomikoen berri izan, nolako harremanak dituzten aztertu, sare sozialik duten ikertu eta herritarren laguntzarik duten galdetuko dute, pertsonen egoera zehatza zein den aztertzeko. «Hauskortasun egoera horrek adinekoen bizi kalitatean eragiten duenez, helburua da egoera jaso, aztertu eta haien bizi kalitatean eragin positiboa izatea», azpimarratu du Etxeberriak.

Azterketa hori Ikei enpresako Laura Gallo eta Maria Lopezek bideratu dute, Hurkoa fundazioarekin elkarlanean. Azterketa hori gauzatzeko, inkestak egingo dituzte, telefono bidez nahiz etxeetara bisitak eginez. Guztira 200 inkesta bideratuko dituzte. 150 inkesta bakarrik bizi diren herritarren artean beteko dituzte eta beste 50, bikotearekin bizi direnen artean.

Prestatu duten galdetegia «zailtasunik gabe ulertzekoa» dela gaineratu dute arduradunek. Behin lana bukatutakoan, informazio «sakona» aterako dutela esan dute. «Gaur eguneko egoera ezagutzeaz gain, oso baliagarria izango da etorkizuneko egoera zein izango den jakiteko eta Azkoitian lan egiten duten hirugarren sektoreko erakundeek euren eskaintza bideratzeko», azaldu dute. Inkesta lagina osatuko dute lehendabizi, herriko erroldaren arabera. Hori datorren astean egitea da asmoa. Ondoren, ikerketaren berri emateko deiak egingo dituzte. Otsailaren azken bi asteetan, berriz, inkestak banatzen hasiko dira. Analisi soziodemografiko «sakon» bat egingo dute, eta «emaitza baliagarriak» izango direla sinetsita daude.

Adinberri fundazioko zuzendaria den Rakel San Sebastianek azaldu du 2018ko diru laguntzen deialdian hautatua izan den proiektuetako bat izan zela. Guztira 54 proiektu aurkeztu ziren eta 15 izan ziren onuradunak. «Adinberri estrategiak izango duen instrumentu garrantzitsuenetako bat da», esan du. Kontuan izan diren ezaugarriak hauek izan dira: elkarlana sustatzea, kalitatea, berrikuntza izaera, erabiltzailea proiektuaren erdigunean izatea hasieratik eta mugaz kanpoko beste esperientziekin elkarlana. Adinberri proiektuaren helburua gizartea «zahartzaro osasuntsuago» batera bideratzea da, «kooperazioan eta berrikuntzan oinarrituta», azpimarratu du San Sebastianek.

Egun, Azkoitia Lagunkoian 2.205 lagun daude; 958 gizonezko eta 1.247 emakumezko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide