Delient taldeak lehen diskoa kaleratu du

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 1a, 14:10

Delient taldeak debuteko diskoa argitaratu berri du. Azpeitia eta Azkoitia artean eratutako taldea da Delient laukotea, 2017an sortua. Lan homonimoa da, taldearen beraren izen bera darama. Guztira zazpi abesti jaso dituzte.

Ibilbideari oraintsu ekin badiote ere, musikagintzan eskarmentu handiko kidez osatuta dago: Iñaki Odriozola abeslari azkoitiarra (Mondocane), Haritz Amezua gitarrista (Mondocane), Ibai Blanco baxu jotzailea (Neü) eta Oihan Amezua bateria jotzailea (Ezinean). Delient izena jarri diote proiektu berriari: ukitu anglosajoia edo frantsesa badu ere, euskarazko hitza da, eta ausarta eta adoretsua esan nahi du.

Laukoteak stoner rockaren ibilbide-orria du iparrorratz, tarteka metal eta psikodelia xendrak baliatuz. Izan ere, pisu handia dute 70eko hamarkada gogorarazten duten riff indartsuek, baita abestiei taupada ematen dieten erritmo biziek bezain trinkoek. Hori guztia ahots zuzen baten ukabilkadarekin, batzuetan urratuagoa besteetan melodikoagoa.

Lan homonimoa da, taldearen beraren izen bera darama, eta guztira zazpi abesti jaso dituzte: Gorren dantzalekuan, Lortuko dugu, Azkarregi, Harean, Automata, Inoi ez eta Nora eza, hain zuzen ere. Abesti guztiak Delientenak dira, baina bi abestitan bi idazleren hitzak moldatu dituzte: Gorren dantzalekuan-en Aritz Mutiozabalenak, eta Nora eza-n Juan Ramon Makusorenak. 2018ko uztaila eta iraila bitartean grabatu eta masterizatu zuten Azpeitiko2Noisy estudioan, Oihan Lizaso eta Aritz Guerra soinu teknikarien gidaritzapean. Orotara, 500 ale eman dituzte argitara, baina sarean ere jarri dute entzungai: Bandcamp, iTunes eta Spotify plataformetan.

Lehendabiziko geltoki ofiziala Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean egin zuen urtarrilaren hasieran, oholtza gaina Willis Drummond taldearekin partekatuz. Hasiera baino ez zen izan hura; aurki beste oholtza batzuetan egingo dute geldialdia.

'Lortuko dugu' abestiaren bideoa:

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide