Danbolintero gazteen topagunea

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 26a, 14:13

Gaur eguerdian txistu doinuekin alaitu dituzte herriko kaleak 50 bat txistularik. Danbolintero gazteen topagune bihurtu da Azkoitia: Azpeitiko, Bilboko, Hernaniko, Lesakako, Trapagarango, Uztaritzeko eta herriko txistulari gazteak kalez kale ibili dira.

Goizean eman diote 'Danboligenak' jaiari hasiera, AIKO taldeak Elkargunean txistularientzako eman duen plaza dantzen ikastaroarekin. Eguerdian, kalez kale ibili dira txistu doinuekin herriko kaleak alaitzen. Arratsaldean ere jarraipena izango du festak. 18:00etan, kontzertua eskainiko dute Kontzejupean zazpi herrietako txistulari taldeek.

Egunari amaiera emateko, berriz, Elkargunean dantzaldia egingo da AIKO taldearekin. Dantzatuz gozatzen duten herritar guztiak gonbidatuta daude.

Topaketaren helburu nagusia da txistulari gazteak elkar ezagutzea, Euskal Herriko lau lurraldeetako txistulari taldeen arteko elkartruke sarea osatzeko. Horrez gain, nahi dutena da txistuaren musika jarduerak berezko dituen baloreak helaraztea, irakaskuntza sarea bateratu eta indartzea, belaunaldi ezberdinen artean jarraipena bermatzea edota euskal musika kalitatezkoa dela eta izaten jarraitzea komeni dela erakustea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide