Iñigo Lamarca Adiskide Numerario izendatu du Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 26a, 12:38

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerario izendatu du Iñigo Lamarca Iturbe (Donostia, 1959). Ekitaldia Intsausti Jauregian izan da gaur eguerdian. Lamarcak azaldu du aspalditik izan duela elkarte horren berri, eta gipuzkoar euskaldun gisa "harro" dagoela gaineratu du, "Ilustrazioaren Mugimenduan eta horrek erakarri zituen berrikuntzetan eta aurkikuntzetan punta-puntan egon ginelako Azkoitiko Zalduntxoei esker". 

 

Iñigo Lamarca Iturbe

Iñigo Lamarca Iturbe (Donostia, 1959) Euskal Herriko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatua da. Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea izan da EHU-UPVko Zuzenbide Fakultatean, baita arartekoa eta gaur egun Gipuzkoako Batzar Nagusietako legelaria da. EHUAlumniko presidentea da eta Anesvad fundazioko patronoa.
Zenbait komunikabidetan idatzi du, eta horretan dihardu gaurko egunean ere bai, hala nola Zeruko Argia, Euskaldunon Egunkaria, Euskadi Irratia edo El Diario Vascon. Pertsona lesbiana, gai, bisexual eta transexualen funtsezko eskubideen aldeko mugimenduan murgilduta egon da. Halaber, zenbait hitzaldi eman ditu. Bere ikerketa, aktibista edo analista lanen gaiak honako hauek dira nagusiki: zuzenbide autonomikoa, giza eskubideak, Estatu soziala eta Europar Batasuna.
“Gai nauzu” liburua idatzi zuen, eta “Derecho autonómico vasco” eskuliburuaren egilekidea da.
Bestetik, zenbait saiakera ere idatzi ditu egile askoren arteko liburuetan argitaratuak. Hauek horietako batzuk: “Las competencias de los Territorios Históricos: aproximación a una realidad compleja” (II Jornadas sobre el Estatuto de Autonomía del País Vasco); “Vulnerabilidad y protección de derechos de las personas lesbianas, gays, bisexuales y transexuales (lgtb)” (La protección de los derechos humanos por las Defensorías del Pueblo.); “El Ararteko, ombudsman de Euskadi, en los albores del siglo XXI” (El Ararteko: un Ombudsman para el siglo XXI); “Ante la crisis: Más regulación financiera, más Estado, más Estado social y más derechos sociales” (Los derechos sociales en tiempos de crisis); “Los mercados financieros contra los derechos humanos” (Los Derechos Económicos, Sociales y Culturales en Tiempos de Crisis. Cursos de Derechos Humanos. Volumen XII); “El deber de disponer de políticas públicas a favor de la igualdad para las personas lgtb” (La diversidad afectivo-sexual y los mecanismos establecidos por el Derecho Internacional para su protección”. Anuario de los Cursos de Derechos Humanos. Volumen XIV).

 

Lamarcaren ondorioak

"Habermas maisuak esaten zigun -hamarkada honen hasieran plazaratu zuen “Europako Konstituzioa” liburuan-, non duintasunari buruzko hitzaurre bat sartu baitzuen, duintasuna giza eskubideekin lotuta egon dela betitik, nahiz eta esplizituki ez zen esaten. Giza eskubideak despotismoaren, zapalkuntzaren eta irainaren aurkako erresistentzian dute sorburua- diosku Habermasek. Betebehar morala dira sakon-sakonean giza eskubideak eta hor egiten dute, hain zuzen ere, duintasunarekin topo. Bigarren mundu gerra eta gero, hain izan zen ikaragarria eta bortitza giza eskubideen eta duintasunaren aurkako bortxaketa eta zapalketa ezen zenbait adierazpen eta testu juridikotan (nabarmenki, Nazio Batuek eragindako Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpenean, eta Alemaniako Konstituzioan) duintasuna espresuki aipatu baitzen. Ez zen, gainera, aipamen hutsala edo azalekoa izan baizik eta lehen mailako trataera eman zitzaion. Horrek, alabaina, nahasketa sortu zuen Zuzenbidearen doktrinaren eta jurisprudentziaren barruan. Argi dago balio juridiko eta printzipio juridiko izaera baduela duintasunak, eta arauak eta batez ere giza eskubideak interpretatzeko tresna egokia dela. Hortik aurrera jarrera desberdinak nabarmentzen dira, neurri handi batean ordenamendu juridiko-konstituzionalen artean desberdintasunak daudelako. Hala eta guztiz, gero eta gehiago ari dira giza eskubideak interpretatzeko ahalmena duten epaitegi eta organoak duintasuna erabiltzen, giza eskubideei hornidura eta sendotasun handiagoa emate aldera.

Nire tesia da, ordenamendu juridiko espainiarrean -bai eta nazioarteko eta Europa mailako hitzarmen eta testu juridikoetan ere- oinarrituz, duintasuna eskubide konstituzional bat dela, nahiz eta eskubide subjektibo izaera ez duen. Ez litzateke, gainera, nolanahiko eskubidea izango baizik eta eskubide guztien iturburua eta sostengua. Hori horrela, duintasun eskubidearen edukia eskubide bakoitzean txertatuko litzateke eta, horrenbestez, eskubide bakoitzak haren muina errespetatu beharko luke eta, aldi berean, harekin bat eginez, sustrai eta babes sendoa irabaziko luke. Duintasunaren izaera juridiko hori bereziki garrantzitsua eta baliagarria izango litzateke eskubide sozialei dagokienez, eskubide horiek babes konstituzional ahula dutelako eta beren edukia finkatzea Parlamentuaren eskuetan uzten delako.

Duintasun eskubidea errespetatzea eta betearaztea botere publikoen betebeharra dela dio espainiar Konstituzioak. Aipatu eskubideak lotura juridiko estua duenez eskubide sozialekin, betebehar horrek eskubide horiek ere babestuko lituzke. Baina nola gauzatu daiteke hori?

Eskubideak babesteko orduan berme juridikoak nahitaezkoak dira. “Eskubide sozialak eta duintasun eskubidea” tandemari dagokionez, lehenengo bermea parlamentuek eman behar dute. Jakina da eskubide horiek (lan egiteko eskubidea, etxebizitza duina izateko eskubidea, erretiro-pentsioa eskuratzekoa eta abar luze bat) gastu publikoa behar dutela, zerbitzuak eta prestazioak ere bai, eta, nola ez, politika publiko egokiak behar dituztela. Hartaz, parlamentuak legeak eta aurrekontuak, hots gastu soziala ahalbidetzeko baliabideak, onartu behar ditu. Baina parlamentuaren bermea ez da nahikoa. Auzitegi Konstituzionalak badu zeregin horretan paper garrantzitsua, bere epaien bidez ebatzi bailezake eskubide sozialei buruzko legeak ez direla nahikoak. Baina berme hori eskasa dela iruditzen zaigu Konstituzionalak dituen eskumenen eta bere jurisprudentziaren arabera.

Herriaren Defendatzaile edo Arartekoek garantia bikaina eman liezaiekete eskubide sozialei. Giza eskubideen defentsa dute helburu eta tresna egokiak badituzte horretarako, nagusiki gomendioak egitea parlamentuei zein gobernuei, legeak edo politika publikoak hobetu daitezen. Legeak eta aurrekontuak ebaluatzeko eskuduntzak eta baliabidek eduki beharko lituzkete. 

Dena dela, berme indartsuena eta eraginkorrena kontratu sozial berriztatu baten eskutik etorriko litzateke. Eskubide sozialek gizarte testuinguru egoki bat behar dute, non Estatu sozialaren oinarrizko balioak izan zirenek biziraungo duten, egoera berrietarako eguneratuz eta indarberrituz. Agerikoa da Estatu soziala, eta berarekin batera eskubide sozialak, kinka larrian daudela. Paktu berriak hitzartu behar dira, duintasunarekin, berdintasunarekin eta elkartasunarekin zerikusia duten balioak hauspotzeko, eta, horrekin batera, Estatu soziala eraberritu eta iraunarazteko eta, halaber, eskubide sozialak -hau da giza duintasunaren alderdi nagusienetako bat-, behar bezala bermatzeko eta sendotzeko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide