Reyes Azkoitiak alabarekin parte hartuko du Binakako Emakume Master Cup Txapelketan

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 23a, 10:22
Reyes Azkoitiari omenaldia egin zioten Pelotai Eunean.

Reyes Azkoitiak (Azkoitia, 1952) Jasone Larrañaga alabarekin parte hartuko du Binakako Emakume Master Cup Txapelketan. «Amets bat egia» bihurtu dutela aitortu du Euskadi Irratiako Kirol Legez saioan Arritxu Iribar kazetariak egindako elkarrizketan.

Reyes Azkoitia Martirieta auzoan jaiotako pilotaria Jasone Larrañaga alabarekin arituko da, datorren asteburuan hasiko den promozio mailako Binakako Emakume Master Cup Txapelketan. Guztira 98 pilotarik parte hartuko dute promozio mailako txapelketan. 49 bikote lehiatuko dira, beraz, eta horien artean bereziena osatuko dute Reyes Azkoitia eta Jasone Larrañaga ama-alabek.

Euskadi Irratiako Kirol Legez saioan Arritxu Iribar kazetariaren galderei erantzun die Reyes Azkoitiak, eta azaldu du «animatuta» eta «ilusio handiarekin» dagoela txapelketan parte hartzeko. «Ilusio handia egiten dio alabari, eta niretzat ere oso polita da alabarekin parte hartzea», adierazi du azkoitiarrak.

Galdakaon, Elexalden eta Usansolon jokatuko dituzte lehen jardunaldiko neurketak, eta hiru bikoteren arteko kanporaketak jokatuko dituzte. «Gauza handiegirik ez dugu prestatu, entrenamendu motzak egin ditugu», azaldu du. Astuna egingo zaiela ere aitortu du pilotari azkoitiarrak. «Lehen bi neurketak jarraian ditugu, eta atsedenik gabe astuna egingo zaigu», esan du irratian. «Nahiz eta bi partidak egun berdinean jokatu, kalera inor ez joateko bi partida jokatzeko aukera izango dugu», nabarmendu du Reyes Azkoitiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide