Haurrentzako 'Pinotxo' ikuskizuna zapatuan, Baztartxon

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 22a, 11:55
'Pinotxo' antzerkia (Argazkia: Glu Glu)

Datorren zapatuan, urtarrilak 26, 'Pinotxo' haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute euskaraz, Baztartxo Antzokian. 18:00etan hasiko da emanaldia, eta familia guztiei zuzendutako ikuskizuna da. Ordu bete inguruko iraupena izango du antzerkiak. Sarrerak Baztartxoko leihatilan salduko dira egunean bertan, 4 eurotan.

Carlo Collodiren ipuin klasikoa abiapuntutzat hartuta, Glu-Glu produkzioak 'Pinotxo' taula gainera eramango du zapatuan, 18:00etan. Galder Perezek egindako antzerkia Maitane Zalduegik zuzentzen du. Familia guztiari zuzendutako antzerkia da 'Pinotxo', eta dantza eta musika ardatz izango ditu. Geppetto bakarrik bizi den zurgin zaharra da. Halako batean egur zati magikoa iritsiko zaio. Egur zati horrekin egurrezko txotxongilo ederra sortuko du eta Pinotxo izena jarriko dio. Sortutakoa, ordea, ez da edonolako txotxongiloa izango. Bere kabuz ibili eta hitz egin dezake Pinotxok, eta, horrela, Geppettok semetzat hartuko du. Egurrezko semea ez da ume zintzoa izango.

Hamaika abentura bizi eta gero, Pinotxok gezurrak hanka motza duela ikasiko du. Horrez gainera, bidean topo egindako aurrenekoarekin fidatzeak izan dezakeen arriskuaz jabetuko da. Azkenean, bere bihotz onagatik, benetako ume bihurtzea lortuko du. Komedia musikala baliatuz taula gainean atzoko, gaurko eta biharko umeen abenturak ekarriko dituzte eszenatokira. Oraindik ere gaur egunerokotasuna mantentzen duen ipuina da Collodik XIX. mendean ikasitakoa, gaurko haurren irudi eta ikasgai.

Antzerkia ikusi nahi? Parte hartu Maxixatzenen zozketan!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide