21. Korrika

Korrika batzordeak lehen bilera egingo du

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 22a, 10:50

Azkoitiko Korrika batzordeak bihar, asteazkena, egingo du 21. Korrika prestatzeko lehen bilera. Elkargunean bilduko dira 19:00etan. Azkoitira apirilaren 12an iritsiko da euskararen aldeko lasterketa.

19:00etan, Elkargunean egingo du Azkoitiko Korrika batzordeak euskararen aldeko lasterketa prestatzen hasteko lehen bilera. Korrikaren inguruan aurrera eramango dituzten ekintzak prestatzen hasiko dira batzorde kideak. 21. Korrikaren nondik norakoak eta Azkoitian egingo diren ekintzak azalduko dituzte bileran, eta jakinarazi dutenez herritarrek ekintzak proposatzeko aukera ere izango dute.

Horrez gain, herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko dituzte. «Jakin badakigu denok ez ditugula aukera berberak gure ekarpenak egiteko, eta horregatik, hain zuzen ere, konpromisorik gabe etor zaitezen eskatzen dizugu. Bertan entzundakoaren arabera erabakiko duzu, gero, zure ekarpena zein izan daitekeen; eta inolako aukerarik izango ez bazenu ere, Korrika gure herrian izango dela ezagut eta zabal dezazun da gure nahia», azaldu dute Korrikaren batzordetik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide