Emakumeak ahalduntzeko ikastaro berriak eskainiko dira

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 21a, 17:08

Udaleko Berdintasun sailak emakumeak ahalduntzeko ikastaro berriak antolatu ditu. Saioak otsailetik apirilera eskainiko dira, eta ikastaro horiez gain, jarraipena izango dute autodefentsa eta batukada ikastaroek urte osoan zehar.

Nekane Larrañaga zinegotziak gaur goizean aurkeztu ditu ikastaroak, edizio honetan parte hartuko duten hainbat formatzailerekin batera.

Ikastaroen helburua da emakumeen aldaketa pertsonal eta kolektiboa bultzatzea. Horregatik topaleku izango dira kezkak eta interesak elkarbanatzeko, hausnartzeko eta ezagutzeko. Ekimena adin, jatorri eta izaera guztietako emakumeei zuzentzen zaie.

Honako ikastaro hauek osatzen dute eskaintza: “Coaching eta adimen emozionala”, “Kontatu gabeko emakumeak: Genealogia feminista artearen historian” eta “Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa”.

Abiatzen lehenengoa “Coaching eta adimen emozionala”-ren ingurukoa izango da, Mertxe Arratibelen eskutik. Emakumeek euren burua motibatzen, emozioak kudeatzen eta eurekiko komunikazioa hobetzen ikasiko dute. Saioak ostegunetan izango dira Elkargunean, 10:30etik 12:30era, otsailaren 7,14, 21 eta 28an eta martxoaren 7, 14, 21 eta 28an. Izena emateko azken eguna otsailak 28 da.


Silvia Ayerrak otsailaren 13an emango dio hasiera “Genealogia feminista artearen historian” ikastaroari. Artearen historia androzentrikoaren berrikuspen bat proposatzen du arte klasikotik gaur egunera arte. Artea eraldaketarako tresna gisa landuko da sormen prozesuaren bidez. Tailerra 18:00etatik 20:30era eskainiko da Elkargunean egun hauetan: otsailaren 13, 20 eta 27an eta martxoaren 6an. Interesa duten emakumeek otsailaren 11 arte dute zabalik izen ematea udaletxeko harreran.

 

Hirugarren proposamena zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa da. Aurreko aldian hainbat emakume tokirik gabe geratu zirenez, oraingoan haiek lehentasuna izango dute. Zoru pelbikoaren funtzionamendua ezagutu eta muskulatura nola indartu erakutsiko da, ikastaroa zuzenduko duen Josune Milanek azaldu duenez. Saioak 18:30etik 19:45era izango dira Elkargunean egun hauetan: otsailak 21, martxoak 7, 14 eta 21 eta apirilak 4 eta 11.

Ikastaro horiez gain, Anaitasuna Kanku Karate Elkarteak hilean behin, larunbatetan, autodefentsa saioak eskaintzen jarraituko du, 10:00etatik 12:00etara. Juan Murillo eta Rita Juaristi arduratzen dira ekimenaz. Adierazi dutenez, «talde polita« dute osatuta eta «gustura» daude partaidetzarekin: «Asko saiatzen eta inplikatzen den emakume taldea da eta adin guztietakoak daude», gaineratu du Murillok. Batukada ikastaroa, berriz, hileko bi asteazkenetan eskaintzen da, 17:30etik 19:30era, Ainara Sarasketa eta Arantxa Vicedoren eskutik, eta horrek ere jarraipena izango du.

Informazio gehiago: berdintasuna@azkoitia.eus / 943 85 71 74.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide