Jardunaldi pedagogikoak eskainiko dituzte Bizilore Eskola Aktiboan

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 17a, 18:32

Badira sei urte Bizilorek lehen urratsak eman zituenetik, eta proiektuak sortzen duen jakin-minaz ohartuta, jardunaldi pedagogikoak antolatu dituzte. Saioa urtarrilaren 19an, larunbata, izango da, 09:30etik 17:30era.

Biziloren inguruan galdera ugari jasotzen dutela azaldu dute egunerokoan, eta horrez gain, baita eskaera ugari ere eskola bisitatzeko eta batez ere umeak eskolan daudenean behatzeko.

Horrengatik guztiarengatik erabaki dute egiten dutena interesatuta dagoen ororekin partekatzea. Horretarako jardunaldi pedagogikoak antolatu dituzte, eta bertan, nor diren eta nola antolatzen diren azaltzeaz gain, hezkuntzaz duten begirada eta ikuskera azalduko dituzte eta Bizilore eskola egunerokoan zer den erakutsiko dute. Guztien artean hezkuntzaz hausnartu eta egoera berriak irudikatzeko eguna izango delakoan daude.

LANDUKO DIREN GAIAK

  • Biziloreren sorrera eta egungo egitura edo antolatzeko modua azalduko dute. Hausnarketan, parte hartzean, lankidetzan eta komunitatean egin duten prozesua aurkeztuko dute.
  • Bizilore eskola zein oinarrien gainean eraikitzen ari diren azalduko dute, hezkuntza proiektuan eta egunerokotasunean eskola nola antolatzen duten azalduz.
  • Biziloren egun bat nolakoa den azaldu eta ikusiko dute.
  • Eskolako espazioetan zehar bisita gidatua edo azaldua egingo dute.

 

Jardunaldi horiek hauei zuzenduta daude, bereziki: hezkuntza profesionalei, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleei, haurrekin harremanetan dagoenari, gurasoei, prozesu eta antolaketa eredu parte hartzaileetan dihardutenei eta Bizilorez, hezkuntzaz, eraldaketa sozialaz interesa duen pertsona orori.

Plazak mugatuak izango dira. Bertaratzeko 60 euro ordaindu beharko dira (guztia barne), eta Bizilore Eskolaren webgunean eman beharko da izena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide