Ziberbullyingari buruzko bi saio gurasoentzat eta gazteentzat

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 21a, 09:38

Udalaren Gazteria sailak ziberbullyingari buruzko bi saio antolatu ditu gazteei eta gurasoei zuzenduta. Lehen saioa urtarrilaren 22an, asteartea, izango da eta bigarrena, urtarrilaren 24an, osteguna. Bi saioak 18:30ean izango dira, Elkargunean.

Datorren asteartko saioak Ziberbullyinga teknologia berrien bidez, adin berekoen arteko erasoa izango du hizpide. Datorren ostegunekoak, berriz, Prebentzioa. Bitartekaritza parental positiboa aurrera eramateko gakoak izenburua izango du. Ziberbullyinga deitzen zaio internetaren edo mugikorraren erabileraz baliatuta, talde edo pertsona batek beste bati egiten dion jazarpenari edo eraso psikologikoari. Horregatik da garrantzitsua teknologia berrien erabilerak dakartzan arriskuak ondo ezagutzea, haien erabilera zuzena egiteko eta jazarpena prebenitzeko.

Ziberbullyinga anonimatoan eman daiteke, eta hainbat forma har ditzake. Interneten norbait kaltetzen duen argazkia argitaratuz, zenbait webgunetan biktimaren profila irekiz, biktimaren aurkako zurrumurruak zabalduz edota mezu mehatxatzaileak bidaliz. Guzti horren aurrean, «kontzientzia lana» egin ahal izateko antolatu ditu Udalak bi saioak, arazoa sakonean ezagutu eta bakoitzak neurri egokiak har ditzan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide