Lehia estua eta giro polita Gurean jokatutako herri kirol saioan

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 13a, 11:30

Atzo arratsaldean herri kirol saioa izan zen Gurea pilotalekuan, Eguresportek antolatuta. Zehazki, aizkolarien eta harri-jasotzaileen txapelketak jokatu ziren. Lehia hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin zuten, atzo hil zen 'Laja' trikitilaria gogoratzeko. 

Proba hauek izan ziren ekitaldian:

- 2019ko Urrezko Aizkolari Binakako Txapelketa.

- 2019ko Urrezko Harri-jasotze Txapelketa.

- 2019ko Emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa.

Etxeko bi herri kirolari, Julen Alberdi 'Txikia IV.a' eta Jon Unanue 'Goenatxo III.a' plazaratu ziren. Hasteko, Eusko Label Sariari dagokion gizonezkoen Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa jokatu zuten. Julen Alberdi 'Txikia IV.-a' Aitzol Atutxarekin batera lehiatu zen, Mikel Larrañagaren eta Eneko Otañoren aurka. Lau izakeratan, 26 enbor moztu zituzten aizkolariek. Azkenean, Aitzol Atutxak eta 'Txikia IV.a'-k lortu zuten puntua. 23 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten irabazleek lanak bukatzeko, eta galtzaileek, berriz, 24 minutu eta 55 segundo.

Ondoren, harri-jasotze txapelketa jokatu zen. Bertan Jon Unanue 'Goenatxo III.a' herriko harri-jasotzailea 175 kiloko laukizuzenarekin eta 150 kiloko kubikoarekin aritu zen, eta bi harriekin guztira 18 jasoaldi egin zituen.  
 
Bukatzeko, Nerea Sorondo eta Itxaso Onsalo lehiatu ziren, hiru enbor nork lehenago moztu, eta, azkenean, Nerea Sorondok lortu zuen puntua. Sorondok 5 minutu eta 35 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko.
 
Giro polita izan zen pilotalekuan. Bestalde, Euskal Telebistak jaialdia grabatu zuen atzo, eta gaur, igandea, eskainiko du ETB1en.
 
Argazkiak: Ibon Errazu Uria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide