Irisgarritasun arazoaren lanen zati bat aurten gauzatzeko eskatu dute Floreagako bizilagunek

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 11a, 10:53
Floreagako bizilagunak.

Floreagako bizilagunek lanean jarraitzen dute, auzoko irisgarritasun arazoa hobetzeko helburuarekin. Izan ere, Udalak 2019ko aurrekontuetan diru partida jarri du Floreagako irisgarritasun proiektuaren lehen bi faseen proiektuak egiteko, baina bizilagunek azpimarratu dute proiektuekin bakarrik ez doazela inora eta «erritmo horretan 20 urte inguru» beharko direla fase guztiak bukatzeko. Horregatik, 2018ko soberakinaren zati bat horretara bideratzeko eskatu diote auzokideek Udalari, lanen zati bat 2019an gauzatzeko.

Udalak «konponbidea» eman nahian, alternatibak definitu ditu, eta aurrekontuetan diru partida jarri du, Floreagako azterlanaren lehen eta bigarren faseen erredakzio proiektuarena. Ordea, Floreaga auzoko bizilagunek azaldu dute Floreagari buruzko «konpromiso zehatzik ez» dagoela aurrekontuetan, irisgarritasun arazoari irtenbidea bilatzeko. «Floreagako lanak ez dira aipatu ere egiten, eta ur baldekada hotza izan da hori guretzat», azaldu dute.

«Udal gobernuak egindako aurrekontuekin arduratuta gelditu gara», gehitu dute. «Alkateak aukeren azterketa agindu zuen, eta egin zen. Geu izan ginen lehenak hori txalotzen, urrats garrantzitsua izan zelako eta proiektua oso ona zelako arazoari irtenbidea emateko; halere, proiektuekin bakarrik ez goaz inora», azaldu dute. «Proiektuak egiteko 100.000 euro baino zerbait gehiago erabiliko dute, eta erritmo horretan, 20 urte inguru beharko dira fase guztiak bukatzeko», gaineratu dute. LKS enpresak egindako proiektua, ondoren Udalak aurkeztu zuena, «proiektu ona» dela uste dute auzoko irisgarritasuna hobetzeko, eta «aurrerapauso oso positibotzat» jotzen dute. «Arazoa, ordea, proiektua gauzatuko erabiliko den denbora tartea da», diote. Izan ere, Udal gobernuak egindako 2019ko aurrekontuetan faseren bat gauzatzeko konpromisoa hartuko zutela pentsatzen zuten, baina ez da horrela izan.

Gauzak horrela, orain 2018ko soberakinaren zati bat bideratzeko eskatzen diote Udalari, auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanak gauzatzeko. Gainera, alkateak «aukera hori mahai gaineratu» zuela azaldu dute, alternatibak publikoki aurkeztu zituztenean.

1. Fasea – Floreaga-Zuazola.

Floreagako azterlanaren lehen eta bigarren faseen erredakzio proiektua lehenbailehen egiteko eskatzen diote Udalari bizilagunek, horrela, bi fase horiek aurten burutu ahal izateko. Lehen bi faseak «batera» joan behar dutela uste dute, «faseak bereizita ekarpen eskasa egiten dutelako, eta, aldiz, batera eginda, ekarpen garrantsitsua».

Beste aukera bat litzateke, bizilagunen arabera, 2018ko soberakinaren zati bat aurten erabiltzea, laugarren fasea gauzatzeko. Izan ere, «fase horren proiektua eginda dago». Laugarren fasean egitea aurreikusten den igogailu horrek «ekarpen garrantzitsua» egingo luke auzoko irisgarritasun arazoa hobetzeko, bost faseen proiektua bere osotasunean baloratuta.

2. Fasea  – Zuazola-Floreagaberri.

Bizilagunek laster jakitea aurreikusten dute 2018ko soberakinetik irisgarritasuna hobetzeko zenbat bideratuko duen Udalak. Eta hori, maiatzeko hauteskundeak baino lehen izatea nahiko lukete. 

Gainera, eskatu dute proiektuak gauzatzerakoan bizilagunek ere parte hartzea eta teknikoekin harremanetan egoteko aukera ahalbidetzea. Uste baitute, erabiltzaile gisa duten ikuspegitik asko dutela esateko.

Bukatzeko, datozen bost urteetan bost faseak egitea nahi dute. Gehienez, «urteko 400.000 euroko inbertsioa» izango litzateke, eta kopuru hori Udalarentzat «erabat onargarria» dela uste dute. «Borondate politikoa» dela gaineratu dute. Eta azpimarratu dute oraingoz badutela EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren konpromisoa proiektua aurrera eramateko. Horrez gain, alderdiek aurreratu diete datozen hauteskundeetarako egingo duten programan txertatuko dutela Floreagako proiektua.

4.  Fasea – Floreagaberriko igogailua.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide