'La Zanja' antzerkia ikusgai zapatuan, Baztartxon

Datorren zapatuan, urtarrilak 12, gaztelerazko 'La Zanja' antzezlana taularatuko dute 19:30ean, Baztartxo Antzokian.

Gaztelerazko 'La Zanja' antzezlana 19:30ean hasiko da Baztartxon. Diego Lorca eta Pako Merinok zuzendutako tragikomedia antzerkia helduei zuzenduta dago, 90 minutu inguru irauten ditu eta zuzenean ikusteko sei euro ordaindu beharko da. Sarrerak Baztartxo Antzokiko leihatilan eskuratu beharko dira, antzerkia hasi baino lehenago.

Mendebaleko meatzarien eta bertako komunitateen arteko kronikak antzeztuko dituzte 'La Zanja' antzezlanean. Kulturaren sustraiei eta arbasoei buruz hitz egingo dute, historiaren zati bat elkarbanatu duten bi munduren arteko erlazioaz: Amerika eta Europa. Miquel meatzari multinazional bateko teknikaria Hegoamerikako herri batera iritsiko da bere konpainiarekin ustiapen bat egitera. Alfredo alkatea eta bere konpainia Miquel aurkitzaile berriaren zain egongo dira. Bi mundu eta bizitza ulertzeko bi modu elkartuko dira orduan. Herriaren etorkizuna eta bizilagunen arteko harremana bideratuko dituzte sortuko diren anbizioek, aukerek eta ondorioek. Protagonistek Amerikaren aurkikuntzako unerik garrantzitsuenera bidaiatuko dute: Pizarro aurkitzailearen eta Atahualpa azken errege inkaren elkartzera.

Ikusi antzerkiaren promozio bideoa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide