Jesus Maria Bastarrika: «Gauza ederra da minez datozenak masajea hartu eta sentsazio onekin joatea»

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 3a, 09:55
Jesus Maria Bastarrika 'Toota'.

Masaje munduak betidanik erakarri du Jesus Maria Bastarrika Uranga (Azkoitia, 1968), eta hainbat masaje ikastaro egin ditu. Azkenean, kostata baina etxekoek eta lagunek bultzatuta, ikasitakoa praktikan jartzeko apustua egin zuen Toota zentroan, duela 25 urte.

Nolako bezeroak etortzen zaizkizu?

Oro har, denetik etortzen dira, baina, gehienbat, 16 urtetik gorakoak eta gizonezkoak. Gainera, Anaitasuna eta Iraurgiko kirolari gazteak ere dezente etortzen zaizkit, haiekin lana egindakoa naizelako eta ezagutzen nautelako.

Mina kentzeko etortzen al dira masajea hartzera?

Bai, minez etortzen dira hamarretik bederatzi eta erdi. Jendeak prebenitzeko kontzientzia izatea litzateke ideala, baina gutxi dira horrelakoak. Mina eta karga izaten dira jendearengan ohikoak. Gainera, batzuk fase akutuan etortzen dira, eta, mina larria den kasu horietan, nik ez dut ukitzen, egitekorik ez dagoelako. Horrelakoetan, Jose Leon Arzallus medikua ere etorri ohi da nire bezeroak ikustera.

Nongo mina izaten da ohikoena?

Bizkarrekoa, sorbaldatik hasi eta izterretarainokoa.

Zer gomendatzen duzu bizkarra zaintzeko?

Luzaketak egitea eta posturen ohitura onak izatea lanean eta sofan, esaterako, nahiz eta oso zaila izan. Batez ere, lan estatikoa izanez gero, komeni da lanetik irtendakoan aktibitate fisikoa egitea; finean, ordu luzez geldi egon den muskulatura mugiaraztea.

Nola kalkulatzen duzu sendatzeko behar den masaje kopurua?

Batzuetan ez dago jakiterik. Gainera, ez zait gustatzen bezeroei hori esatea; izan ere, batzuetan, esaterako, bostekin luze gera ninteke, eta beste batzuetan bostekin ere ezin da sendatu. Ez da gure esku egoten; gorputzak nola erreakzionatzen duen ikusi behar da. Esperientziaren arabera ideia bat izaten dut, baina beti ez da segurua. 

Lana eskuekin bakarrik egiten al duzu? 

Bai, ia beti, dena eskuekin egiten dut.

Esku guztiak ez dira berdinak izango zuen lana egiteko ere, ezta? 

Ez, ez, ezta gutxiagorik ere. Eta, gainera, nik lan egiteko modu bat dut, eta denei antzera ematen diet masajea, oro har. Nire eskuek batzuentzat balio dute, eta beste batzuentzat ez. Horregatik, nik beti gomendatzen diet bezeroei nik ez badiet mina kentzen asmatzen, beste norbaitekin probatzeko.

Konpetentzia handia al dago mundu horretan? 

Ni duela 25 urte hasi nintzen masajeak ematen, eta orduan herrian beste zentro bat bakarrik zegoen, eta orain hamarretik gora gaude. Eskaera ere asko handitu da ni hasi nintzenetik. Hala ere, zaila da agenda betea izatea, inguruan hainbeste egonda. Boladak izaten dira.

Eskaera handitu dela diozu. Zergatik?

Nire hasierako bezeroak lehendabizi medikuarenera joaten ziren, eta medikuak aholkatuta etortzen ziren. Denborarekin konturatu naiz jendea zuzenean guregana datorrela: medikuak mina kentzeko bi asterako jarritako pastillak hartu ordez, masajistak bi astean min hori kentzen du kasu batzuetan, eta horretan sinesten hasi da gero eta jende gehiago.

Gustuko al duzu zure lana?

Bai, betidanik gustatu izan zait. Nik sekulako poza hartzen dut ondo uzten dudan bezero bakoitzarekin. Hona datorrena minez dator, eta minak jendea aldatzen du. Gauza ederra da minez datozenak masajea hartu eta sentsazio onekin joatea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide