Errege magoek ilusioa zabaldu dute herriko kaleetan

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 5a, 21:35

Gozokiak kalerik kale banatuz eta 'ekarrikoo' oihu etengabeen artean zeharkatu dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoek Azkoitiko kaleak.

Udal Musika Bandaren eta Bizkargi Musika Eskolako ikasleen 'Jesus jaio da' doinuek eta iaz ez bezalako eguraldiak lagunduta, 19:30ean zaldiz abiatu dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoak Santa Klaratik. Azkoitiarrek eta kabalkada ikustera etorri diren inguruko herrietako bisitariek herriko kaleak alderik alde bete dituzte eguneko protagonistei opariak eskatzeko. 'Ekarrikoo' oihu ozenak entzun dira, beste behin, neska eta mutil txikienen ahoetatik.

Santa Klaratik Balda plazara zuzendu dira hiru erregeak, eta Plaza Berritik herriko plazara abiatu dira. Plaza gainezka zela, Herodesen gaztelura iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar eta Herodesekin eta bere segizioko kideekin hitz egin ondoren, udaletxera igo dira. Atseden txiki bat hartu dute Errege magoek Udalean, eta ondoren leihoak irekita balkoira atera dira plazan zain zituzten herritarrak agurtzera. Hiru aldiz egin dute sartu irtena erregeek.

Udaletik jaitsitakoan, zaldi gainera igo dira berriz ere Errege magoak, eta Kale Nagusian gora joan dira. Gero, Ibai Ondo kalerako bidea hartu dute, eta artzainek bidean esku bat botata, eliz atarira iritsi dira. Eliz atariko eskaileretan gora eginda, Ama Birjinari opariak eskaini dizkiote. 'Ekarrikoo' oihuen artean gozokiak banatuz amaitu dute kabalkada Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek. Atsedebn labur bat eginda, laster etxez-etxe opariak banatzen hasiko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide