«Baserriak ez ziratekeen aurrera irtengo emakumerik egon izan ez balitz»

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 2a, 10:56
Ezkerretik eskuinera: Irati Amiano, Maria Teresa Garate eta Arantxa Ulazia.

Maria Teresa Garate (Azkoitia, 1943) 11 urterekin hasi zen azokara jaisten, eta horretan dihardu oraindik. Arantxa Ulaziak (Azkoitia, 1972) eta Irati Amianok (Azkoitia, 2000), berriz, 16 urterekin erabaki zuten amaren eta amamaren bidetik jarraitzea. Hiru emakume baserritarren belaunaldia osatu du, beraz, Zumeta baserriak.

Maria Teresa, 64 urte daramatzazu plazara etortzen; nola aldatu da azokako panorama?

Lehen gainezka egoten zen; pentsa, ume nintzela, amaren otarretik helduta etortzen nintzen, jende artean ez galtzeko. Gerora, Larrañaga baserritik urteak egin nituen astoarekin plazara jaisten, bakar-bakarrik. Orduan, baserritar asko etortzen ginen, baina bakoitzak gauza gutxi izaten genuen saltzeko. Asto otarre batean zenbat sartuko da, ba? Ezin asko izan. Askotan, gainera, otarren zama berdintzeko, harriarekin betetzen jarduten genuen.

Gustura etortzen al zara azokara?

Bai, lan honetan ohitu naiz, eta pena ematen dit uzteak. Kafetegian egoten aspertu egin naiz ni; plazan egoten naiz gustura, jendearekin hizketan eta saltzen.

Zer ekartzen duzue plazara?

Batez ere, garaian garaiko barazkiak. Lehen, ganadua ere bagenuen, baina ez zen errentagarria: etekinik batere ez genion ateratzen, eta lan asko ematen zigun.

Plazan goiza pasatzeko, etxean orduak eman beharko dira lanean, ezta?

Bai, ordu asko. Han ez dago egun eta ordu finkorik. Benetan gustatu beharreko lana da; ez da obligazioz hartzekoa. Gu eguraldiak baldintzatzen gaitu, eguraldiarekin egiten baita lana baserrian: ona denean, lan denak egin nahi izaten ditugu, eta presio horrek estutzen gaitu.

Noiz etortzen zarete Azkoitiko azokara?

Astearteak eta igandeak kenduta, egunero, 10:00etatik 13:00etara. Astean zehar, bi-hiru baserritar etortzen gara, eta zapatuetan, berriz, hogei bat. Askok baserria ez daukate bizi maila moduan ipinita; alegia, baserrian bizi bai, baina ez handik bizitzeko. Guk, aldiz, bai; larre motzean ohitutakoak gara [barrez].

Irati, zuk ere ama eta amamaren ofizioa aukeratu duzu.

Bai, asko gustatzen zait; bizi osoan etxean ikusi izan dudana da. Nire kuadrillan zeharo arraroa da nik egiten dudana. Gaizki ikusitako lanbidea da. Hala ere, badaezpada, erdi mailako zikloa ari naiz ikasten, eta lan honekin partekatzen ditut ikasketak. Amak esaten dit baserriko lanak sakrifizio handia eskatzen duela eta ondo pentsatzeko. Baina, oraingoz, jarraitu nahi dut.

Gazteak etortzen al dira azokara?

Asteburutan, asko. Adin tarte bat dago ez dena etortzen: 50-60 urte artekoak. Beste joera batzuk dituzte horiek.

Erraza al da barazkiak erabat ekologikoak izatea?

Ez, beti behar du zerbait, gutxi bada ere. Barraskiloarekin eta barearekin gutxi dago egiteko. Ekologikoa esaten duten askok ere botika botatzen diote. Badira botika ekologikoak ere, baina botikak dira. Guk horiek erabiltzen ditugu gehienbat, baina zomorroak hiltzen baditu, zerbait izango du ona ez dena; zerbaitengatik hiltzen ditu.

Berdura plazari zerbait hobetzeko ikusten al diozue?

Leku ederra da, baina autoentzako aparkalekuak falta dira, karga eta deskargarako, eta ez guretzat bakarrik, baita bezeroentzat ere. Udalak egingo zituela agindu zigun, baina zain gaude urte hasieratik.

Zer iruditu zaizue Udane Juaristik emakume baserritarrei egindako horma irudia?

Oso polita. Gainera, gu saltzen aritzen garen lekutik begiratuta, benetakoa dirudi emakumeak. Urte askoan, lehen eta orain, ezkutuan egon izan dira emakume baserritarrak, baina baserriak ez ziratekeen aurrera irtengo emakumerik egongo ez balitz. Gizonezkoek figuratu izan dute beti, eta emakumeek egin lana.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide