Iraganeko Azkoitia gaurkotzen

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 2a, 14:28
Josu Arroitajauregi argazkilaria, 1960. urtearen inguruan.

Arroitajauregi Argazki Bildumako irudiek osatutako Azkoitiko estanpak 1950-1968 argazki erakusketa egon da irekita Torrezuri aretoan. Imanol Mujika udaleko artxibozaina (Azpeitia, 1975) arduratu da erakusketaren antolaketaz. Irudiek duela 50 urteko Azkoitia eta azkoitiarren bizimodua nolakoak ziren erakutsi dute. Iraganeko argazkiak eguneratu dituzte, eta erakusketak sekulako arrakasta izan du irekita egon den aldiro. Mujikak azaldu du lehen bi asteetan «mila bisitari inguru» izan dituela.

Josu Arroitajauregiren argazkiekin erakusketa egitea erabaki zuten. Josu Arroitajauregi Alberdi (1923-2007) argazkilaria zen zaletasunez eta ofizioz; aita Daniel ere argazkilaria zuen, eta hark piztu zion zaletasuna eta irakatsi ofizioa. Lan eskerga handia egindakoa urte luzez, 40tik gora, joan zen mendeko 50eko hamarkadaren hasiera aldetik –1962tik aurrera bere izenean, aurretik aitarenean– 1990. urte inguruan erretiroa hartu zuen arte. Ez dira asko izango haren kamera aurrean jarri ez zirenak, ezta Plaza Berrin arreba Zorionek eta biek zuten etxebizitza-estudiotik urte haietan pasatu ez ziren azkoitiarrak ere. Ezkontzak, hiletak, jaunartzeak, agirietakoak, familiakoak, mota guztietako ekitaldiak izozten zituen irudien bitartez. Horren guztiaren lekuko da gaur egun udal artxiboan gordetzen den eta azaroaren 18ra arte Torrezuri erakusketaren iturria izan den argazki negatiboen bilduma.

Erakusketaren hastapenak

«Mota horretako bilduma bat izateak eta harekin lanean hasteak nahitaez eramaten zaitu argazki bildumaren zabalkundean pentsatzera», jakinarazi du, hasteko, Imanol Mujika artxibozainak. Zuri-beltzezko argazkiek «xarma eta balio estetikoa» dute Mujikaren esanetan, eta, argazkiotako protagonista asko «oraindik sasoian» daudela ikusita, zabalkundea egiteko modu horren alde egin zuten hasieratik. «Gaur egun badira zabalkunde hori nolabait bete dezaketen bestelako tresnak ere, eta erabiliko ditugu ziurrenik», dio Mujikak. Halaber, Josu Arroitajauregi argazkilariari omenalditxo bat egitea ere buruan zuten, eta hark egindako argazkiak atzera positibatu eta erakustea erabaki zuten. «Udal artxiboan egiten diren lanen berri ere eman nahi zen, eta Torrezuri bezalako erakustoki eder bat herriko toki ezin hobean izateak ere bultzatu gintuen erakusketa antolatzera», azaldu du Mujikak.

Hiru urteko lana atzean

Egin den erakusketaren atzean hiru urteko lana dago. Erakusketa, bereziki, azken bi urteetan egindakoaren emaitza dela jakinarazi du Mujikak. Lehen urtean, bildumaren azaleko arakatzeak egin eta bilduma egoki kontserbatzeko lehen neurriak hartu zituzten. Azken bi urteetan, berriz, kontserbazio lanei utzi gabe, bilduman murgildu ziren, batez ere esku artean zituzten negatibo sorta zaharrenetan. «Josu Arroitajauregi argazkilariaren oharrek lagunduta, datu base bat osatzeari ekin genion, eta erreportajeak-eta identifikatzen joan gara. Interesgarriak iruditu zaizkigun serieekin kontaktu orriak ere egin genituen, eta ondoren positibatzeetan sartu ginen».

Lana «atsegina» izan dela esan du Mujikak: «Ez da harritzekoa, esku artean izan dugun materiala ikusita». Lan handiak izan dituzte erakusketa zabaldu aurreko azken bi hilabeteetan. «Erakusketa behar bezala antolatzeko lanekin aritu gara; halere, ez udal artxiboak eta ez lan honen beste nahitaezko hanka den Jose Valderreyk ez daukagu urte osoan honekin jarduteko astirik», azaldu du udal artxiboaren arduradunak.

Buruhausterik handiena argazkiak aukeratzeak eman diela uste du Imanol Mujikak. Erakusketaren helburuak zein diren «nahikoa argi» daudela azaldu du: «Bildumarekin lan egitean, helburua da egoki kontserbatzea, deskribatzea, digitalizazioak egitea eta zabaltzea. Erakusketarekin nahi izan dugu, besteak beste, egin dugunaren berri eman eta jendeari zerbait eman, elkarrizketa sortu, gazteentzat herriaren iragan hurbilaren zenbait trazu bistaratu eta ikerketarako materiala sortu».

Erakusketa arrakastatsua

Adierazi duenez, jendeak «gustura» ikusi du erakusketa, eta denetariko iruzkinak entzun dira. «Zein den halako edo halako; agertzen diren tokiei buruzko kontuak eta oroitzapenak; argazkien testuinguruari buruzko argibideak eman dizkigute, eta zenbait oker ere zuzendu dizkigute».

Argi dago harridura sortu duela erakusketak, herritarrek ez baitzekiten argazki bildumaren berri, ezta egiten ari ziren lanaren berri ere. Arrakasta berezia izan du, ordea, erakusketako atal batek: «Begi gehien erakarri eta kontu gehien sorrarazi duena ezkontzen pieza izan da», jakinarazi du Mujikak. Hileten eta paisaien argazkiek ere «jendea korroan berriketan» jarri dute. Mujikak argi du zein den arrakastaren arrazoietako bat: «Ez da gauza bera izaten argazki bera etxean edo familian ikustea, edota areto batean eskegita ikustea; aldatu egiten da ikuslearen pertzepzioa eta harekiko jarrera, baita irudiaren esanahia bera ere». Argazkiak erakusketan ikusita «bestelako testuingurua edo harreman sarea» sortzen delakoan dago Mujika.

Etorkizunean beste bat?

Aurrera begira mota honetako beste erakusketarik izango den galdetuta, esan du bilduma «oso zabala» dela. «Egia da motibo asko errepikatzen direla: ezkontzak, erretratuak, jaunartzeak… Hor nabaritzen da herri argazkilariaren ogibidea zein zen», adierazi du. Mota horretako argazkiek hartu dute bilduma guztiaren zati handi bat, baina «denetariko argazkiak eta asko» egon dira. Ez dakite ziur esaten beste erakusketarik izango den, eta izango bada, noiz egingo den, baina ez diote aukerari uko egiten. Bitartean, bildumarekin lanean jarraituko dute.

Erlazionatuak

Azkoitiko estanpak, 1950-1960

Maxixatzen.eus 2019 urt 02 Azkoitia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide