Charles Ramirez DJa: «Batzuek zorotzat hartzen ninduten, egun osoan walkmana soinean eramaten nuelako»

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 29a, 10:28
Carlos Ucar Ramirez.

Carlos Ucar Ramirezek (Azkoitia, 1980) hemezortzi urtez dihardu musikaren munduan lanean. ‘Charles Ramirez’ da haren izen artistikoa. Musika nahasketak kasete grabagailuarekin egiten hasi zen Ramirez. Garai bateko Txanpaña tabernan ekin, eta munduko hainbat txokotan musika jartzera iritsi da. Izen handiko disko jartzailea da musikaren munduan.

Nolatan hasi zinen DJ munduan?

Musikak betidanik piztu izan dit jakin-mina eta betidanik erakarri izan nau. 1995 inguruan, Ponte a top irratsaioa eta beste saio batzuk entzuten hasi nintzen; disko jartzaileek euren produkzioak aurkeztu eta saioak egiten zituzten, eta, haiei entzunez, orduantxe aurkitu nuen nire benetako bokazioa.

Nola gogoratzen dituzu aurreneko urteak?

Hasierako urteetan, dena jolasa zen niretzat. Saioak deskargatu, aztertu eta ulertu egiten nituen. Batzuek zorotzat hartzen ninduten, egun osoan walkmana soinean eramaten nuelako; eta zorotzat jotzen ninduten horiexek, gaur egun, ezin dira bizi sakelako telefonorik gabe.

Garai hartan Euskadin zegoen hipokrisia politikoa zela medio, 'buruargiren' bati otu zitzaion bazterrak nahastea eta esatea Detroiteko edo Chicagoko auzo pobreetan sortu zen eta batez ere Europa iparraldetik inportatzen zen musika hura Euskal Herriaren kontrakoa zela. Horren ondorioz, estigma bat jarri zitzaion musika mota horrekin lotutako guztiari. Ezjakintasuna zer den...

Non jarri zenuen musika lehen aldiz?

Txanpaña taberna mitikoan. Garai hartan, nik musika jartzen nuen, baina baita ekoitzi ere. Eta andramaixetako kanta dance musika estiloan egin ondoren, gauza batek bestea ekarri zuen, eta, horrela, aurreneko aldiz musika jartzen aritu nintzen.

Erraza izan al zen musika jartzeko materiala lortzea?

Gogoan dut nire lehen nahasketa kasete grabagailuarekin egin nuela. Horiek ziren kanten abiadura erregulatzeko aukera ematen zuten gailu merke bakarrak. Boligrafo batekin aurreratzen nituen kantak. A zer garaiak haiek! Udara batean lanean aritu ondoren erosi ahal izan nituen nire lehen Technis platerak eta nahasgailua.

Hortik bizi al zara? Eta bizi al daiteke?

Bai, musikatik bizi naiz ni. Duela hemezortzi urtetik musika munduan nabil lanean, baina orain produkzio lanekin eta nire diskografia zigiluarekin nabil buru-belarri.

Zer behar da DJ munduan arrakasta izateko?

Irizpide propioak edukitzea da garrantzitsuena: ezeren eta inoren kopia ez izatea, eta beste artistekin gozatzen eta haien lana baloratzen jakitea. Kabinan zaudenean burua erabili behar duzu, eta jakin behar duzu, pista interpretatzen ez ezik, momentu bakoitzak zer eskatzen duen ikusten. Eta, batez ere, lan asko egin behar da.

Zertan desberdintzen da DJek jartzen duten musika beste musika motekin?

Oro har, musika estilo denetako disko jartzaileak daude; egon litezke musika klasikoa jartzen dutenak ere [barrez]. Disko jartzaileok beste musikariek sortutako musika nahasten dugu, eta ukitu pertsonala ematen diogu: norbere aukeraketa, norbere nahasketak, norbere kutsua...

Batez ere non aritzen zara musika jartzen?

Bazter guztietan! [barrez] Azken urte hauetan, esaterako, Turkian, Errumanian eta Suitzan ibili naiz. Eta, nola ez, iparraldean eta Errioxan ere bai; hor aritzen naiz gehienbat. Ibilitakoa naiz, gainera, Chicagon, Frantzian, Erresuma Batuan, Italian, Moldavian, Belgikan eta, jakina, Ibizan.

Musika elektronikoaren zaletasunik ba al dago? Eta Azkoitian badagoela uste al duzu?

Musika elektronikoak milioika jarraitzaile ditu mundu osoan, baita Azkoitian ere. Bailara honetan disko jartzaile asko daude, eta oso onak gainera.

Gaur egun Txalintxo tabernan antolatzen dira DJ festa gehienak. Zer iritzi duzu?

Gainetik ikusitakoaz eta entzundakoaz bakarrik eman dezaket iritzia, inoiz ez bainaiz bertara joan, ez lanera, ez publiko moduan. Baina, hango karteletako izenak ikusita, kalitatea oso bermatuta dago, eta seguru nago festa itzelak izango direla.

Zein da musika jartzeko gehien atsegin duzun lekua?

Dudarik gabe, Txitxarroren hutsunea sumatzen dut gehiena; hamalau urtean ibili nintzen han. Dena dela, nire leku gustukoenen artean daude HÏ Ibiza eta azkena izan naizen Hammamet-eko jaialdia [Tunisia]. Eta etxetik gertuago, nola ez, Sonora kluba; iparraldeko klubetan onena da, zalantzarik gabe.

Zein dira zure erreferente musikalak?

Benetan oso galdera zaila da hori, asko baitaude, eta oso onak. Baina erreferente musikal gisa eta nire konfort zonatik irtenda, nire artista kuttunena Nils Frahm da, eta talderik gustukoena, berriz, Moderat.

Lehen, musika taldeak ziren nagusi, eta orain, badirudi DJ izatea dagoela modan... Azkoitian ba al dago DJen harrobirik?

Bai, noski. Azkoitikoak eta Desguace Music-en daudenak artista handiak dira. Gainera, gero eta ekoizle gehiago daude, hala nola Andrew Car.

Non izango da zure hurrengo festa?

Tutera aldean izango da. Halere, laster izango naiz etxetik gertu, eta ni ikustera etortzeko moduan izango zarete.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide