Etorkizuneko Idiakez Ederra Etxea erakutsi dute

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 21a, 20:52
Idiakez Ederra eraikinak izango duen fatxada.

Idiakez Ederra Etxea etorkizunean nolakoa izango den erakutsi du Visesa sozietate publikoak, Babes Ofizialeko hamasei etxebizitza eraikitakoan.

Ondarearen zaharberritzean espezialista den Mikel Landa arkitektoak gaur aurkeztu du, Elkargunean, eraikinerako garatzen ari diren proiektua. Alboan izan ditu Javier Zubizarreta alkatea eta Visesaren zuzendari Carlos Quindos. Halaber, hizpide izan dute etxea hustu aurreko eta egungo egoera.

 

XVII. mendeko mudejar estiloko jauregian Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzea da asmoa. Horrenbestez, etxea hondamendian eta aldamiopean egotetik 2009tik, erabilera sozial bat izatera igaroko da bere balio arkitektonikoa mantenduz. Izan ere, arkitektoen helburu nagusia da «eraikinaren egiazkotasun historikoari eustea, esku-hartzea minimizatuz eta egurra erabiliz», zaharberritzeko material nagusi gisa.

Javier Zubizarretak azaldu du «ahalegin guztiak» egiten ari direla «aldamioak kendu eta etorkizuneko eraikina lehenbailehen ikusteko». «Hitza ematen dizuet dena bideratuta dagoela», gaineratu du.

 

 

1481. urterako etxea existitzen zen. Bere historian zehar eraikuntza fase ezberdinak jasan izan ditu, hondamendi egoeran deklaratu eta aldamioak jarri arte. Etxejabe guztiekin etxearen lagatze akordioa adostu ostean, Udalak eraikinaren jabetza %100ean 2017an lortu zuen. Ordurako, bazuen Visesaren konpromisoa babestutako etxeak egiteko. Aurtengo otsailean eraikina hustutzen hasi ziren eta maiatzean Udalak Visesaren esku utzi zuen etxea hitzarmen bidez, BOEak eraiki ditzan.

Aurkeztutako proiektuan ikusten da etxebizitzen barrukaldea eta espazioen antolamendua nolakoa izango den. Baita barruko patioa edota fatxada nagusiak ere. 

Eraikinaren beheko solairua Udalarentzako izango da, eta bertan erretiratuen etxea eraikitzea da asmoa. Eraikin barrurako sarrera Kale Nagusitik izango luke. Etxebizitzak hiru eta bi logelatakoak izango direla ere aurreratu du Landa arkitektoak. Eraikinak argi patioa izango du barrutik, eta egitura egurrezkoa izango da, kristalarekin lagunduta. Fatxada «nahi baino gehiago, ia dena, bota» beharko dutela ere gaineratu du Landak, «denborarekin balorea galdu duelako». Hala ere, eraikin zaharraren itxura mantenduko du fatxada berriak. «Erronka polita» dutela aurretik esan du Landak, eta etorkizuneko eraikuntzan «azkoitiarrak lasai bizitzeko erabat bermatuta» egongo dela azpimarratu du. 

Zenbat diru kostako den ez dute aurreratu arduradunek. «Ekonomikoki zaila izaten ari da aurrekontuak egokitzea, hondare kulturala den eraikin batean etxebizitzak egitea lan konplexua delako. Ez da ohiko egoera. Espainian, esaterako, horrelako balorea duten oso eraikuntza gutxitan eraiki dira Babes Ofizialeko Etxebizitzak», gaineratu du Quindosek. Azaldu du Azkoitiko Udalak eta Foru Aldundiak ekonomikoki babesteaz gain, Espainiako Gobernuari ere eskatu zaiola laguntza ekonomikoa, eta «harrera ona» izan duela proiektuak. «Oraindik emaitza ikustea kostako da, baina ez du atzera bueltarik. Etxebizitzak eraiki egingo dira. Oso aurreratuta dago proiektua. Asmoa da lizitaziora uda aurretik ateratzea, eta 2022 bukaerarako eraikitzea aurreikusten da», azaldu du Quindosek. Gogoratu, besteak beste, Etxebiden izena emanda egon beharko dela etxebizitza horien zozketan parte hartu ahal izateko.  

 

Iruditan, etorkizuneko Idiakez Ederra Etxea:

 

 Idiakez Ederra Etxea proiektuaren aurkezpena, bideoan:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide