Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteak datu historikoekin ospatuko du 50. urteurrena

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 19a, 16:15
As.
50. urte bete ditu aurten Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteak, eta «datu borobilarekin» amaituko du urtea: inoizko odol poltsa gehiena batu dituzte aurten Azkoitian. Gaur egun, guztira, 720 odol emaile inguru ditu Azkoitiak; inoiz baino gehiago.

Kolore horiz agertzen diren egunak dira 2019ko odol ateraldiak. «Kasualitatea izango da, baina orain arte izan dugun urterik onena izan dugu aurtengoa», azaldu du Luis Arregi 'Izpizu' Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak. Aurten, guztira, 1.682 odol poltsa batu dituzte; poltsa bakoitzean ia litro erdi odol gordetzen da. 2017an baino ia 100 odol poltsa gehiago batu dira 2018an. «Zorte handia izan dugu aurten, kostako da horrelako urte bat berriz izatea», gaineratu du Arregik.

Elkarteko kideek «oso balorazio ona» egin dute beste urte batez. Izan ere, «beste urteak ere oso onak izaten dira, baina aurtengoa bikaina izan da. Ematen du 50. urteurrena ospatzeko propio gertatu den zerbait izan dela; herritarrek emandako erantzun hori da urteurrena ospatzeko modurik onena», esan du umorez Arregik. Aurten, gainera, lau ateraldi egin dituzte goizez eta arratsaldez, eta modu horretan aukera gehiago ematen diegu herritarrei odola emateko. Horrek ere zerikusia izango zuen. Horrez gain, aurten 65 odol emaile fitxa berri ireki dituzte Azkoitian. Horietatik batzuk aurrez odola ateratzeari utzitakoak eta orain berriz hasitakoak dira, beste batzuk beste herrietatik etorritakoak eta besteak, berriz, berriak. Bajak, berriz, 35 inguru izan dituzte urtean zehar. Guztira, 720 odol emaile inguru ditu Azkoitiak, inoiz baino gehiago.

Azkoitian, orokorrean, «normala baino dezentez odol gehiago» jasotzen da. Herri eta hiri guztietako batez bestekoa baino hiru aldiz gehiago ematen da Azkoitian.

2019ko odol ateraldien egutegia

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide